Apirilaren 20tik 24ra ospatuko da Tolofolk

Ataria 2022ko api. 8a, 18:01

Euskal Herriko zein nazioarteko artisten topaleku bilakatuko da Tolosa, Pazko astean; Mongolia, Kuba, Galizia, Asturias eta Kataluniako gonbidatuak izango dira, besteak beste.

Tolofolk jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da Tolosan, Pazko astean, apirilaren 20tik 24ra, JeaJeaka kultur elkartearen eskutik. Tolosako plazak eta herriko eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin jaialdiak. Aurten ere, Euskal Herriko zein nazioarteko artistak izango direla aurreratu du elkarteak: "Tolosaldetik hasi eta Mongoliaraino, tartean Kuba, Galizia, Asturias eta Kataluniako musikariekin". Herrialde horiez gain, Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherako hainbat talde hartuko ditu Tolosak.

Apirilaren 20ko Topic-eko kontzertua "oso berezia" izango dela esan dute JeaJeaka elkartekoek. "Abraham Cupeiro instrumentu asko jotzen dituena eta instrumentu egilea da, eta denborarekin galdu diren instrumentuak berreskuratzen ditu doinu berriak sortzeko. Margarida Mariño biolontxelistarekin eta Sabela Caamaño akordeoilariarekin arituko da".

Apirilaren 21ean, berriz, Caroline Phillips eta Mixel Ducau Lapurdiko bikote ezaguna arituko da Plaza Berrian. Hurrengo egunean, saio bikoitza izango da: Xabi Aburruzaga Bandek "kontzertu ikusgarria" eskainiko du Leidorren, eta ondoren folk kubatarra izango da entzungai Frontonen.

Larunbat goizean, apirilaren 23an, Kalepoza izango da Tolosako kaleetan: Asturiasko gaiteroak, Kataluniako grallerrak, Tolosaldeko txistulariak eta dultzaineroak, Udaberriko fanfarrea... "sekulako festa". Arratsaldean berriz, saio bikoitza izango da Euskal Herria Plazan: Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria entzungai izango da taula gainean, eta ondoren, Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldeak kontzertua eskainiko du. 

Amaitzeko, igande arratsaldean, apirilaren 24ean, iparraldeko folka izango da Plaza Berrian: Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista zuberotarrek eta Xendarineko ahizpa kantariek agertokia partekatuko dute. 

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du hitzordu "garrantzitsua" bilakatu dela ToloFOLK jaialdia, "folk musikari ikusgarritasuna emateko, herria biziberritzeko eta herriko kultur eskaintza osatu eta indartzeko helburuarekin". "Iazko arrakasta ikusita ziur naiz aurtengoan ere guztiok gozatuko dugula antolatutako egitarauarekin", gehitu du. 

Topic-eko eta Leidorreko emanaldiak izan ezik, gainerako guztiak doakoak eta irekiak izango dira herritar guztientzat. Topic-eko emanaldirako sarrerak bere webgunean eskuratu ahal izango  dira; Leidorrekoak aldiz, kutxabank-en. Emanaldien aurretik ere sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira. Gainerako saioetan, euria egingo balu, emanaldiak Berdura plazan egingo dira.

Egitaraua

  • Apirilak 20, asteazkena
    20:30. Topic. Ahaztutako soinuak. Abraham Cupeiro, Margarida Mariño eta Sabela Caamaño (Galizia).
  • Apirilak 21, osteguna
    20:00. Plaza Berria. Bidaia. Caroline Philips eta Mixel Ducau (Lapurdi). 
  • Apirilak 22, ostirala
    20:30. Leidor. Xabi Aburruzaga Band (Bizkaia).
    22:30. Fronton. Habana 3 (Kuba). 
  • Apirilak 23, larunbata
    11:00. Kalepoza (Tolosaldea, Katalunia eta Asturias).
    19:00. Euskal Herria plaza. Yesun Erdene (Mongolia).
    20:00. Euskal Herria plaza. Khami (Gipuzkoa).
  • Apirilak 24, igandea
    19:00. Plaza Berria. Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Xendarineko ahizpak (Zuberoa, Behe Nafarroa).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!