San Joan festak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 7a, 18:59

Apirilaren 11tik aurrera aurkeztu ahal izango dira lanak, eta maiatzaren 9ko 14:00etan amaituko da epea; maiatzaren 30ean emango dute aukeratutako lanaren berri.

Bi urteko geldialdiaren ondoren, bueltan izango dira aurten ere San Joan jaiak, eta haiekin batera, jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailak prest ditu dagoeneko kartel lehiaketarako oinarriak. Epeei dagokionez, apirilaren 19tik maiatzaren 4ko 14:00ak arteko epea egongo da lanak aurkezteko.

Edonork parte hartu ahalko du lehiaketan, baina aurkeztutako lan guztiak originalak izan beharko dira, eta denek Tolosako Udalaren logotipoa eta ondorengo esaldia eraman beharko dute: Sanjoanak 2022, ekainak 23-26 / Tolosa. Lan guztien neurri bertikalak 50x70 zentimetroko proportzioa izan beharko dute eta kolorea eta teknika aukerakoa izango da. Lan guztiak formatu digitalean aurkeztu behako dira, irudi bektoriala duen artxibo batean. Artxiboaren gutxieneko erresoluzioa 300ppp-koa izango da eta gehienez 5 MB-eko pisua izango du. Azkenik, lan irabazlearen egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.

Lan guztiak fitxategi digital batean aurkeztu behar dira, Tolosako Udalak bere webgunean horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea. Fitxategiaren izenean lema baino ez da azaldu behar.

Epaimahaia Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatuko du, emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatua izango dela bermatuta. 500 euroko sari bakarra izango da irabazlearentzat; sari honi dagokion atxikipena edo erretentzioa egingo zaio. Gainera, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira. Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako kultura@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 67 03 88 telefono zenbakira deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!