Tolosa CF-ko gizonezkoen lehen taldeak maila galdu du

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 7a, 14:59

Gizonezkoen futboleko talde nagusiak azken zazpi partidak galdu ditu eta ez du aukerarik Hirugarren Mailari eusteko.

Azken asteak ez dira gozoak izaten ari Tolosa CF-ko futbol saileko gizonezkoen lehen taldearentzat. Azken jardunaldian, 1-4 galdu zuen Amurrioren aurka, eta une honetan, Hirugarren Mailako azken aurreko postuan dago, 26 punturekin. Guztiz ziurtatuta ez badago ere, entrenatzaileak esan duenez, ligako azken sei sailkatuek galduko dute maila. Gerta liteke ere talde gutxiagok maila galtzea, baina horretarako faktore ugari izan beharko dituzte kontuan.

Une honetan, maila mantentzeko aukera ematen duen azken postua 16 puntura du talde urdinak, lau partiden faltan; ondorioz, matematikoki maila galdua du taldeak. «Sailkapeneko azken postuetako taldeen aurka oso partida gutxi irabazi ditugu, baita azkena ere, eta horrela oso zaila da maila mantendu ahal izatea. Pena izugarria dut», esan du Mikel Arruabarrena entrenatzaileak. Denboraldi amaiera «oso gogorra» izaten ari dela nabarmendu du. Azken zazpi partidetatik ez du bakar bat bera ere irabazi, eta otsailaren 16an lortu zuen azken garaipena.

Denboraldi hasieran, «zailtasun handiak» izango zituztela aurreikusten zutela adierazi du Arruabarrenak, «batez ere, jokalari askok taldea utzi zutelako iaz, eta beraz, taldekide gehienak berriak direlako. Horiei maila mantentzeko erronka ezartzea presio handiegia da. Hutsegite inozo asko egin ditugu, eta hor egon da gakoa. Ia partida guztietan hasi gara galtzen, eta horrelakoetan oso zaila izaten da markagailuari buelta ematea».

Hiru jokalarik bakarrik erabaki zuten taldean jarraitzea, eta «oso eskertuta» daudela aitortu du entrenatzaileak. «Horri guztiari, gainera, baldintza ekonomikoak gehitu behar zaizkio, hemen eskaintzen direnak ez direlako beste talde batzuetan bezain onak, eta beraz, oso zaila da jokalari berriak lortzea». Denboraldiaren une batean, ordea, bolada on bati esker, maila ez galtzeko aukera ikusi zutela esan zuen prestatzaileak.

AZKEN URTEETAKO JOERA

Pandemiagatik, Espainiako Bigarren B Maila desagertu egin zen, eta ondorioz, azpiegitura berria ezarri zuen Espainiako Federazioak. Talde gutxiagorekin osatutako multzoak egin zituzten, maila gehiagotan banatuta. Hori dela eta, Hirugarren Mailan dauden taldeak «oso indartsuak» direla esan du Arruabarrenak. «Kontua ez da aitzakiak jartzea, jokalari askok maila hobetu dutelako, baina exigentzia maila oso altua izaten ari da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!