Elkartasun azoka egingo du Booloo elkarteak Tolosako kultur etxean

Ataria 2022ko apirilaren 6a

Saltzeko materiala utzi nahi dutenek aukera dute oraindik; epilepsia duen senegaldar bati laguntzeko bideratu nahi dute lortutakoa.

Senegaldarren Booloo elkarteak elkartasun azoka antolatu du ostiraletik igandera, hilaren 8tik 10era, Tolosako kultur etxean. Ekimenaren helburua elkartearentzat dirua biltzea da, "urtean zehar sortzen zaizkien beharrei aurre egiteko". Goizez nahiz arratsaldez egongo da zabalik ostiralean eta larunbatean, eta igandean goizez.

Nene Diop elkarteko kideak azaldu duenez, elkarteko emakumeen ekimenez antolatu dute elkartasun azoka, eta Tolosan bizi den epilepsia duen senegaldar bati laguntzeko erabili nahi dute dirua. "Une honetan Senegalen dago bere familiarekin, eta hilean behin behintzat dirua bidaltzen diogu elkartetik bere gaixotasunarekin laguntzeko", azaldu du.

Horrekin batera, senegaldar bat hiltzen denean elkarteko kideek jarri behar izaten dute diruaren zati bat gorpua Senegalera bidali ahal izateko. "Askotan gertatzen da, eta diru bat gordeta edukitzea komeni zaigu suertatzen diren gastuei aurre egin ahal izateko".

Herritarrek utzi dituzten bigarren eskuko produktuak izango dira azokan, eta baita produktu berriak ere, zenbait dendetatik eman dituztenak. Bertan saltzeko produktuak utzi nahi dituzten herritarrek oraindik ere aukera dute, Tolosako kultur etxera azalduz, edo elkartera deituta, 659 10 72 71 zenbakira. Halaber, laguntzeko bide gehiago ere badituztela gogoratu du Diopek. "Hainbat herritarrek laguntzen dute diruz, eta horretarako ere bada aukera".

Maiatzean Urretxuko udalak gonbidatuta aniztasun jaialdian hartuko du parte Booloo elkarteak, eta ekainean pintxo potea egingo dute Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!