Adrian Arellano txapeldun, Lanbide Heziketako olinpiadetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 6a, 19:59

Sareko sistema informatikoen administrazioko espezialitatean lortu du domina, eta World Skills 2022 Shangaiko mundu mailako deialdian parte hartu ahal izango du.

Adrian Arellano Rodriguez-Morcon, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutuko ikaslea, Espainiako txapeldun izan  da Madrilen ospatutako Spain Skills Lanbide Heziketako estatuko olinpiadetan. 19 urteko gazteak urrezko domina lortu du sareko sistema informatikoen administrazioko espezialitatean.

Espainiako txapelketarako sailkatzeko, Arellanok Eusko Skills 2021 txapelketa irabazi zuen. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatu du Spain Skills txapelketan. Sareko sistema informatikoak administratzeko modalitatean 14 gazte gehiago izan ziren lehian, eta guztiek "maila oso altua" erakutsi zutela azaldu dute. Mikel Mendibe izan da Arellanoren tutorea, eta ikasleak egindako lanaz "ezin harroago" dagoela esan du. Spain Skills 2022 txapelketan urrea lortu ondoren, World Skills 2022 Shangaiko mundu mailako deialdian parte hartu ahal izango du.

Bada, lorpenaren ostean, Tolosako Udalak harrera txiki bat egin dio lortutako arrakastari balioa emateko, eta  Tolosaldea LH Institutuak ere gauza bera egin nahi izan du bai ikaslearekin, bai eta Mikel Mendibe bere tutorearekin ere. Eusko Skills soldadura espezialitatean irabazi zuen Igor Garmendia eta Enrike Odriozola bere tutorea ere gogoan izan dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!