ELKARRIZKETA

«Euskara irakasteaz gain, euskaldun izatea zer den azaldu behar zaio ikasleari»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 12a, 07:57

Helena Baraibar Laskorain Ikastolako irakaslea eta Ikastolen Elkarteko ordezkaria. ATARIA

Ikasleen euskararen ezagutzak eta erabilerak behera egin du ikastetxeetan; orain, Hizkuntza Proiektua berrindartzea da elkartearen lehentasuna, eta Helena Baraibar da hori burutzeko lantaldearen arduraduna.

Egoerarekin «kezkatuta» eta «hausnartu beharrean» agertu da Helena Baraibar (Tolosa, 1960) irakaslea eta Ikastolen Elkarteko ordezkaria. Arlo guztietako irakasleen gaikuntza didaktikoa prestatzen ari dira, Hizkuntzen Trataera integral eta integratua izenez ezagutzen duten lan-ildoarekin.

Zer gertatu da ikastetxeetan egoera honetara heltzeko?

Galdera hori egitea errazagoa da galdera hori erantzutea baino. Zalantzarik gabe, galdera hori egin behar diogu geure buruari, baina gero, horren erantzunak bilatzen, arrazoitzen, eta egoerari buelta eman nahian hasten garenean, askotariko eragin esparruekin egiten dugu topo, baita eragin beharrekin ere. Bistakoa da, ikasleen artean, euskararen ezagutza eta erabilera ez doazela duela 20 edo 40 urte aurreikusten genituen mailan. Baina non daude guzti horren erantzunak?

Batetik, D eredua orokortzen ari da, eta geroz eta ikasle gehiago ari dira eredu horretan ikasten; ikaragarri egin dute gora ikasleen kopuruek ikasgeletan. Ikaste prozesua zailtzea eragin du horrek, eta ez baliabide aldetik, ezta metodologia aldetik ere, gauzak ez dira behar adina egokitu, geroz eta ugariagoak zaizkigun hizkuntza eta kultura profil desberdinetako ikasleei erantzun ahal izateko, helburua horiek euskalduntzea eta euskal hiztun aktibo bihurtzea denean.

Jakitun gara, hizkuntza minorizatuen kasuan erabilera areagotzeko eta ezagutzan aurrerapen egokia izateko, ezinbestekoak direla hizkuntzarekiko jarrera, motibazioa eta kontzientzia linguistikoa. Gure herrian, guztiok gara gutxienez elebidun, eta euskaraz bizitzea eta egitea hautu bat da, eta hautu bat den aldetik, ezinbestekoa da kontzientzia linguistikoa. Zer gertatu zaigu? Kontua da ez dela nahikoa ikastetxeetan euskara irakastea eta euskaraz irakastea. Euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditugula diogu. Hori lortzeko, baina, hizkuntzaren ezagutzarekin batera, beharrezkoa da euskal kulturaren eta euskal ikuskeraren beste dimentsio batzuk lantzea.

Eta non jarri beharko litzake fokua?

Urte luzez pentsatu izan da, eskola eredu askotan, euskalduntzeko nahikoa zela hizkuntza ikastea. Ingelesa edo frantsesa irakasten dugunean, hizkuntza kode bezala irakasten dugu, baina euskara irakasten ari garenean, kodeaz gain, kulturari dagozkion edukiak transmititzen ere saiatzen gara. Hizkuntza bat jakitea ez da aski erabiltzeko, eta hizkuntza minorizatu bat ikasterakoan ere, ziur ez dela nahikoa kode huts bezala ikastea, beharrezkoa delako hizkuntza hori bere testuinguruan erakustea.

Azken urteetan, badirudi jarrera aldaketa bat eman dela. Hizkuntzen irakaskuntzarako metodologia berriak aldarrikatzen ari dira, baita konpetentzietan hezteko metodologiak ere. Horiek oso probetxugarriak dira, baina badira erreparatu beharreko beste zenbait alderdi ere, hain zuzen, lehen aipatutako hizkuntza kontzientzia esnatzea, batez ere, bigarren hezkuntzako ikasleen artean. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ikasleen arteko harreman sareak euskaraz eraikitzea da lehentasuna; gero, ikasleari, adinean gora egiten duenean, euskaldun izatea zer den azaldu eta irakatsi behar zaio, baita euskaldun izateko zer behar den ere.

Halaber, euskarak gizartean bizi duen defizit soziolinguistikoari erreparatu behar diogu. Eskolak eta ikastolak, izatez, euskararen eremu babestu bat gara, baina nork irakasten du euskara? Oker gaude euskara euskarako irakasleak irakasten duela pentsatzen badugu. Guztiok gara hizkuntza irakasle, hizkuntzarik gabe ezinezkoa delako matematika, fisika edo historia ikastea. Ikasgai horietako irakasleek, baina, zenbait estrategia menperatu behar dituzte. Euren edukia irakatsi ahala, ikasleek alor horiek baliatu behar dituzte euskaran ere aurrera egiteko.

Kasu horretan, premia ikaragarria daukagu irakasleak formatzeko lanean, batez ere, konbentzimenduari dagokionez. Esaterako, ezin dut filosofiako irakasle izan, euskarako irakasle izan gabe. Ezin dut filosofia euskaraz irakatsi, euskara irakatsi gabe. Ikasleak ere, euskara menperatzen ez badu, ezingo du filosofia menperatu. Hizkuntza bat ikasteko, denbora luzez egon behar duzu harremanetan hizkuntza horrekin, eta harreman horrek aktiboa izan behar du.

Zein da duzuen sentsazioa? Zerbaitetan huts egin duzuela iruditzen zaizu?

Orain arte jorratutako bide batzuk egokiak dira, eta aukera bat izan daiteke horiei eustea, baina bide horietan, jardunbide batzuk indartu behar ditugu, beste batzuk bideratu, eta beste batzuei ekin. Azken urteotan egindako hausnarketek eta eskura jarri zaizkigun datu objektiboek, agerian utzi dizkigute indartu beharreko lan-ildo batzuk, besteak beste, irakasleen gela barruko esku-hartzea. Oso garrantzitsua da, batez ere, euskararen ezagutzarekin batera eta euskal kulturgintzaren transmisioarekin batera, ikasleen arteko harremanak euskaraz eraiki eta mantendu daitezen ahalegintzeko. Ez da nahikoa ikasleak ikastetxera etorri bezala joatea. Ikastetxeak eragin egin behar du, bai ikasleengan, bai irakasleengan, baina baita familiengan ere. Euskararen zabalkunderako beharrezkoa da euskara bera erdigunean izango duen ekosistema orokor bat, eta hori ikastetxea da.

«Euskararen zabalkunderako ezinbestekoa da euskara bera erdigunean izango duen ekosistema bat, eta hori ikastetxea da»

Gela barruko harreman sareez gain, gelaz kanpo ere badira zenbait.

Bai. Eskolako orduz kanpoko kirol saioak edota asteburuko aisialdia dira adibide handienak, ikastetxearen bitartez bideratzen direlako; herri mailakoez ere hitz egin genezake. Eremu horietan oso garrantzitsua da helburu batzuk formulatuta egotea, euskara, ikasketa hizkuntza izatetik, gozamenerako hizkuntza izatea igarotzea nahi badugu behintzat. Aisia-zerbitzuak euskaraz eskaintzeaz gain, erabileran eragingo duten estrategiak ere menderatu behar ditu arduradunak, gazteen erabilera aktibatzeko.

Nola lortu daiteke euskara erdigunean jartzea?

Hizkuntza bat menperatzeko, hizkuntza hori erabiltzen trebatu behar dugu, baina Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara prozesu hori ez badugu egoki bideratzen, ez ditugu bete nahi ditugun helburuak beteko. Zentzu horretan, aurrerapauso handiak eman dira azken urteetan, nahiz eta oraindik badugun zer ikasi eta zer hobetu. Ahozko komunikazioa, adibidez, antzemandako gabezia nagusietako bat da, eta orain, garrantzia berezia ematen ari gara ahozkotasuna sistematikoki lantzeari.

Bigarren Hezkuntzan lan egiten dugun irakasleak espezialistak gara eta badugu uste oker bat: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hasterako eta gure arloaren ezagutza espezifikoetan aurrerapen egokia izateko, ikasleak euskara nahikoa ikasia duela pentsatzea, eta ondorioz, gure kezka ez izatea euskara ikasi behar duela. Hori ez da horrela. Hizkuntza akademikoa ez du barneratua oraindik, eta arloen bidez iritsiko da hura menderatzera. Irakaslea horren jakitun izatea ezinbestekoa dugu, batik bat, gurea bezalako ikaskuntza-ereduetan, zeinetan baden hizkuntza minorizatu bat ere.

«Badirudi ingelesa, frantsesa eta euskara ikastea gauza bera dela, eta ez da horrela»

Azkenik, DBH edo Batxilergoko ikasleek ezin dute D ereduko ibilbidea amaitu euskararen historia soziala ezagutu gabe. Hori, tamalez, oso ikastetxe gutxitan lantzen da, eta beste pisu bat eman beharko litzaioke, kontzientzia linguistikoa deitzen diogun hori jorratuz. Ikasleak euskaldun izatea zer den, hizkuntza minorizatu batean ikastea zer den eta euskaldunok ditugun hizkuntza jarrerak zeintzuk diren jakin behar du, eta horri buruz oso gutxi hitz egiten da, eta oso gutxi pentsarazten da. Badirudi ingelesa, frantsesa eta euskara ikastea gauza bera dela, eta ez da horrela.

Zertan diharduzue orain Ikastolen Elkartean?

Honen guztiaren inguruan, lanketa handi bat egiten ari gara, irakasleen gaikuntza didaktikoa prestatzen, eta ebaluazioan bere isla izatea nahi dugu. Horrela, arlo desberdinetako edukiak egoki barneratzekotan, ahoz zein idatziz eduki horiek egoki adierazteko gaitasuna ere garatu beharko du ikasleak. Gaur egun, arlo guztietako irakasleek begirada hori izatea dugu lehentasuntzat, datozen urteei begira Hizkuntzen Trataera integral eta integratua izenez ezagutzen dugun lan-ildoarekin; hartara baino ez baikara iritsiko arlo guztietako irakasleak hizkuntz irakasle izatera.

Gabezia handiak ditugu, eta horiek ikastetxeetara helarazten ari gara, baina hau ez da egun batetik bestera gauzatzen den lana, ezta urtebetean amaitzen dena ere. Urteetako lana da, eta nire iritziz, une honetan ondo diagnostikatuta dago, baina aurrera begira, lan handia dugu egiteko. Kike Amonarrizek bere azken liburuan ederki deskribatzen duen bezala, bidegurutze batean bizi gara euskaldunak. Bagara ala ez gara? Egin dugun bideak eta lana egiteko izan dugun estiloak badakigu nora eraman gaituen. Beste zerbait egin dezakegu? Nire ustez bai, eta asko egin dezakegu, gainera, asko dugulako irabazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!