20 metro kubiko hondakin baino gehiago bildu dituzte aurtengo ibai garbiketan

Ataria 2022ko api. 6a, 18:59

Tolosa txukun mantentzeko helburarekin, Oria ibaia garbitzen aritu da Tolosako Udala martxoan, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean; inoizko kopuru handiena bildu dute.

Aurten ere Tolosako Udalak Oria ibaia garbi mantentzeko lanak egin ditu martxoan herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. “Tolosa txukun eta garbi mantentzeko eta ingurumenaren zaintzarako funtsezko eginkizuna da Oriaren ibaiaren garbiketa egitea, gure ongizatearengan eta biodibertsitatearen kontserbazioarengan eragin zuzena duelako horrek”, adierazi du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak.

20 metro kubiko hondakin baino gehiago bildu dira aurtengo garbiketan. "Inoizko kopururik handiena da, aurreko urteetan jasotakoen bikoitza". Ur emari baxuak "ibaiaren hondoan zeuden hainbat hondakin biltzeko aukera" eman diela adierazi du Amantegik, eta ikasleek eta Zumardia elkarteak egindako lana eskertu du, eta bereziki, Zehar elkarteko errefuxiatuena: "Sei lagun buru-belarri aritu dira, eta izugarria izan da egin duten lana”.

Zinegotziak nabarmendu duenez, "gauza oso pisutsuak" atera dituzte ibaitik. "Presak oztopo gisa jokatzen du eta, ondorioz, hondakinak ibai hondoan geratu ohi dira, baina aurtengo ur emari baxua dela eta, horiek guztiak garbitzeko aukera izan dugu, eta normalean garbitu ezin diren eremuak garbitu ahal izan ditugu aurten. Hondakin kopuru handia bildu dugu, bereziki, Zerkausiaren inguruan".

Hondakinak begi-bistan

Ibaitik ateratako hondakinen poltsak begi-bistan utzi ditu egun batzuetan Tolosako Udalak. "Nahita egin dugu, herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin", esan du Amantegik. "Herritarrek ikusi dezaten zenbat eta zer nolako hondakinek amaitzen duten ibaian, izan ere, herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko modu eraginkorrena dela uste dugu.  Zentzu horretan ere, biodibertsitatearen zaintzarekiko interesa eta kontzientziazioa pizteko helburuarekin abiatu genuen iaz Biodibertsitate Gunea, Tolosa jasangarriago baten alde”, gaineratu du.

Edukiontzi berriak

2020an abiatutako ekimenari jarraipena emanez, Berazubi auzoko zubian eta Euskaldun Berrien oinezko zubian sareak jarriko dituzte baranden azpialdean, lurreko zaborrak ibaira ez erortzeko. Horrez gain, ibaira iristen den ontzi arinen kopurua murrizteko helburuarekin, edukiontziak berritzen ari dira, estalkia dutenak ezarriz. "Ibaitik urrutiago kokatuko dira zaborrontzietako hondakinak, haizeak altxatu ez ditzan eta ibaira erori ez daitezen".

Azkenik, Tolosako Udalak URA ur agentziarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, uholde arriskuari lotutako garbiketa lanak gauzatzen dituzte herrian, eta aurten ere lanak gauzatzen jarraituko dute, besteak beste, ibaitik enborrak kentzen, Oria txukun mantentzeko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!