Zumardiak baratze eskola jarri du martxan

Ataria 2022ko api. 5a, 16:16

Familian egiteko sei saio antolatu ditu Zumardiak, gehienak Iurramendiko baratze-parkean.

Zumardia elkarteak baratze eskola antolatu du nekazaritzaren oinarrizko kontzeptuak jaso, naturaren erritmoak bizi eta talde-lana sustatzeko. Familiei zuzendutako ekimena izango da, baina, haurrek bakarrik ere parte hartu ahalko dute, zortzi urtetik gorakoak badira, eta saio gehienak Iurramendiko baratze parkean egingo dituzte.

Zumardiatik esan dutenez, "gero eta gizarte hiritarrago honetan, herri-baratzea norbanakoak lurrarekiko eta gizakiaren bizitzako oinarrizko elementuekiko harremana ez galtzeko irtenbiderik eraginkorrenetariko bat izan daiteke". Izan ere, baratz ekologiko bat sortu eta zaintzea, "gizakiak naturarekin duen harremana eta antolamendua lantzeko maila goreneko tresna pedagogikotzat" hartzen dute. "Era dibertigarri batean, natur inguruneari buruzko esperientzia anitz izatea ahalbidetuko duen leku bihurtuko da, ingurunearekin ditugun harremanak eta menpekotasunak ulertzeko, eta ingurugiroa zaintzeko eta ingurugiroaz arduratzeko jarrerak eta esperientziak praktikan jartzeko; horiek guztiak oso esperientzia interesgarriak dira, ingurugiro hezkuntzan funtsezko gaitasunak garatzeko.

Tolosako baratze eskolaren helburua errespetuzko nekazaritzaren oinarrizko kontzeptuak jasotzea da: "nekazal jardueraren oinarrizko ezagutzak jaso, lurra maitatu, ematen digunaz jabetu eta gaur egungo nekazarien lana baloratzea da helburua", zehaztu dute.

Horrekin batera, jarduera ikertzailea aktibatzea lortu nahi dute: behaketak egin (eguraldia, landaredia, animalia eta intsektuen behaketa), zalantzak planteatu, hipotesiak formulatu eta baieztapenak egitea lortu nahi da, bakoitzak bere ondorioak ateratzeko. Era berean, talde-lana sustatu nahi dute: lana taldean antolatuz, landatu eta erein nahi dena planifikatuz (horretarako beharrezko ezagutzak jasoz), jarduerak txandakatuz, informazioak trukatuz, sor daitezkeen arazoei irtenbidea emateko akordioak lortzen saiatuz edo gerta daitekeena aurreikusiz. Era berean, adin ezberdinetako partaideen arteko elkarrekintza sustatu nahi dute.

Gainera, baratze eskolan parte hartzen dutenek naturaren erritmoak bizitzea nahi dute: "garaian garaiko barazkiak zeintzuk diren ezagutu eta hazia jartzen dugunetik jasotzen dugunerako beharrezko zaintzak eskaini, erein eta jaten dugunaren artean pasatzen den denboraz jabetuz eta pazientzia landuz".

Hala, saio desberdinak antolatu dituzte:

Apirilak 7, osteguna (17:30-19:00): Zer da lehenengo, hazia edo fruitua? Haziak ereinez, hazi mota ezberdinak ezagutu ereingo dituzte, bai ontzietan baita baratzean bertan ere.

Apirilak 28, osteguna (17:30-19:00): Baratze inguruko landareak eta sendabelarrak. Baratzeko "belar-txarren" balorea ezagutzeko tailerra. Beraien izenak ezagutu, propietateak landu eta horietako batzuk bilduz ukendua egin.

Maiatzak 12, osteguna (17:30-19:00): Udako barazkiak: Udan hain gustura jaten diren barazkiak baratzean aldatu, horretarako baratzea antolatuz eta espazio txikietan landare handiak ekoitzi ahal izateko egiturak eraiki (tipiak).

Maiatzak 26, osteguna (17:30-19:00): Intsektuen hotela: Intsektuen arteko oreka garrantzitsua da baratzean. Horretarako, interesgarria da zer daukagun behatzea eta hauek erakartzeko egiturak sortu eta loreak landatzea. Beraz, tailer honetan, intsektuen behaketa eta identifikazioa egiteaz gain, loreak landatu eta intsektuen hotela osatuko da.

Ekainak 9, osteguna (17:30-19:00): Baratzeko produktuekin otordua prestatu: Baratzera joan eta bertan dauden elikagaiak bilduz, otordu bat prestatuko da. Sukaldaritza tailerra izango da.

Ekainak 18, larunbata (09:30-13:00): Azoka: Tolosako Zerkausian postua jarriko da larunbat goizean. Horretarako, baratzean dauden produktuak azokarako moduan jaso eta, ondoren, postua prestatuko dute, barazki bakoitzari dagokion prezioa jarriz. Ondoren, salmentari ekingo diote. Lortutako diruarekin, baratzerako beharrezkoa den lehengai edo materialen bat erosiko da.

Saioak banaka ere egin daitezkeela argitu dute Zumardiatik. Horretarako, izen-ematea, saioa baino aste bat lehenago egin beharko da, lehenengoa izan ezik. Taldeak 10 umez eta beraiekin datozen helduez osatuak izango dira gehienez,  eta izen emate ordenaren arabera beteko dira.

Saio bakoitzeko 15 euro ordaindu beharko da, eta sei saioetarako, 75 euro. Izena emateko, info@zumardia.eus helbidera idatzi edo 688 726 213 telefono zenbakira deitu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!