Ohiturak berreskuratzera doa Udaberri Dantza Taldea. Aurten, 65. urteurrena betetzen ari da, eta azken urteak oso zailak izan badira ere, betiko helburu berdinari eusten dio: "Euskal kulturaren zati garrantzitsuenetako bat landu, ezagutarazi eta gizarteratzea". Hori dela eta, larunbaterako, Dantzari Txiki eta Erromeria Eguna antolatu dute. Azken bi urteetan ezin izan dute ohi bezala ospatu, pandemiagatik, baina nabarmendu dutenez, aurten "inoiz baino gogotsuago" ari dira festa eguna berreskuratzeko prestakuntza lanetan.
Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa; "egun osoz, Tolosa euskal doinu, dantza eta tradizioz betetzeko asmoz" daude dantza taldeko kideak. Goizean nahiz arratsaldean, Euskal Herriko zenbait taldeetako haurrak ariko dira dantzan, erdiguneko nahiz Alde Zaharreko kaleetan: Hendaiako (Lapurdi) Akelarre, Iruñeko (Nafarroa) Muthiko Alaiak, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza eta Algortako (Bizkaia) Itxartu taldeak gonbidatu dituzte aurten. Guztira, 100 haur inguru gerturatuko dira larunbatean Tolosara, Euskal Herriko lau probintzitatik; haiekin batera, ia 50 begirale eta musikari etorriko dira. Udaberri Dantza Taldekoak, berriz, 120 kide inguru izango dira. Ondorioz, guztira 300 lagun elkartuko dira.
11:00etan emango diote hasiera kalejirari, eta 12:15ean, Trianguloa plazan elkartuko dira talde guztiak, elkarrekin Plaza Berrira jaisteko. Bertan, guztiek batera dantzatuko dute. Behin goizeko saioak amaitutakoan, elkarte gastronomikoetan bazkalduko dute haurrek, begiraleek eta musikariek. "Talde ezberdinetako haurrak nahasten saiatzen gara, elkarren arteko loturak sendotu daitezen", adierazi dute antolatzaileek. "Bereziki eskertu nahi ditugu laguntzeko boluntario modura prest azaldu diren taldeko guraso guztiei, baita elkarteetan bazkariak prestatu eta zerbitzatuko dituzten herritarrei ere. Bere laguntzarik gabe ez bailitzateke posible izango eguna aurrera ateratzea", gaineratu dute.
Arratsaldean, emanaldi berezia eskainiko du Plaza Berrian Udaberri Dantza Taldeko fanfarreak, 16:00etan hasita; plaza dantzak joko dituzte. "Berezia izango da, izan ere, orain arte, Tolosako Dantzari Txikira etorri izan diren taldeek bere herri edo probintziako dantzak eskaini izan dizkigute, Euskal Herriak, hain lurralde txikia izanik, berea duen aniztasuna islatuz. Bigarren urtez, ordea, plaza dantzak egiteko aukera izango da. Berez, haurrentzako zabalduko da deia, baina helduren batek parte hartu nahi izanez gero, ongi etorria izango da", nabarmendu dute. Euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian eskainiko dituztela aurreratu dute.
Baserritarrez jantzita
Dantzari Txikia amaitutakoan, egunaren bigarren zatiari, Erromeriari, emango die hasiera. 19:00etan hasita, poteo musikatua egingo dute, fanfarrearen eskutik, Alde Zaharrean. 21:00etan Zerkausian bilduko dira, lagun giroan afaltzeko. Herri afariaren ondoren, erromeria eskainiko du Laket taldeak, eta tartean, Larrain Dantza egingo dute afaltzera gerturatzen direnek. "Herritar guztientzako irekia izango da, eta euskal giroa atsegin duten guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi honetara; batetik, euskal kulturaren zati garrantzitsu bat mantendu nahi dugulako, eta bestetik, benetan gau atsegin eta alaia izango delako".
Dagoeneko salgai daude afari-txartelak, 15 euroren truke, Tolosako Asteasuarra eta Orbela tabernetan. "Derrigorrezkoa ez bada ere, eskertuko genuke bertaratzeko asmoa duzuenok baserritarrez jantzita etortzea, jantzi gabe datorrena nabarmenago geratuko baita jantzita dagoena baino!", gogorarazi dute.
XV. Dantzari Txikia eta Erromeria
10:30. Taldeei agurra eta hamaiketakoa, Plaza Zaharrean.
11:00. Kalejiraren hasiera. Talde batzuk Trianguloa plazatik gora ibiliko dira (Lopez Mendizabal plazan, Emeterio Arresen, Alondegia plazan...); besteak, Alde Zaharrean (Plaza Berrian, Santa Maria plazan, Trianguloa plazan, Gorriti plazan...).
12:15. Parte-hartzaile guztiak Trianguloa plazan elkartuko dira eta Plaza Berrira jaitsiko dira kalejiran elkarrekin.
12:30. Plaza Berrian talde guztiek batera dantzatuko dute.
13:00. Bazkariak elkarte gastronomikoetan.
16:00. Plaza dantzen emanaldia, Plaza Berrian, Udaberri Dantza Taldeko fanfarrearen eskutik.
19:00. Poteo musikatua, fanfarreak alaituta.
21:00. Herri afaria, Zerkausian.
23:00. Erromeria, Laket musika taldearen eskutik.
0:00. Larrain Dantza, fanfarrearen eskutik.
2:00. Erromeriaren amaiera.