Amarotzen eraikiko dituzten 111 etxebizitzen hitzarmena aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 4a, 17:59

Tolosako udal gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak elkarlanean, alokairuko babes ofizialeko 111 bizitoki berri eraikiko dituzte paper-fabrika zegoen eremuan, hirigintza-garapenaren lehen fase gisa.

Tolosako Udaleko otsaileko osoko bilkuran, udalak eta Visesa enpresak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzea onartu zuten, udal gobernuko ordezkarien aldeko bozkekin. Hitzarmenean jasotzen denaren arabera, alokairu-erregimeneko babes publikoko 111 etxebizitza eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzak, Amarotz auzoko paper-fabrika azpiesparruan.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Etxebizitza eta Garraio Saila eta Tolosako udal gobernua aspalditik ari dira eremuaren hirigintza-garapenean lanean. 2010 eta 2014 urteen artean, eremu horren plangintza eta garapen partziala egin zituzten, eta 2021ean, Visesak proposamen berri bat aurkeztu zuen. Hasiera batean, eraikigarriak diren partzelak garatzea aurreikusten zen proposamen horretan, gaur egun abian den Plan Bereziaren aldaketaren bidez.

Hitzarmen honek lau urteko epea du, eta 2024ko lehen seihilekoan aurreikusten dute etxebizitzak eraikitzeko lanak hastea. Eusko Jaurlaritzak 18,5 milioi euro jarriko ditu, udalak, berriz, 666.000 euro (6.000 euro etxebizitza bakoitzeko); inbertsio osoaren %3,4 izango da hori. Etxebizitzak eraikitzeko inbertsioa, beraz, 19 milioi eurotik gorakoa izango da.

Hastapenetan, esparru horretako etxebizitzen %50 libreak izatea aurreikusten zuten. «Baina, sailaren eta udalaren arteko elkarlanari esker, Amarotz auzoko etxebizitza libreen kopurua %35era jaitsi da. Etxebizitza libreak P-1 partzelan eraikiko dituzte (Visesak besterenduko du), eta etxebizitza babestuak alokairu-erregimenean sustatuko dira. Aldaketa nabarmena da hasieran aurreikusitako salmenta-erregimenaren aldean», adierazi du Olatz Peon alkateak.

Babes ofizialeko 111 etxebizitza eraikitzeko lehen fasea, Eusko Jaurlaritzak eraikiko duen beste 81 etxebizitzen (hauek ere babes ofizialekoak) sustapen batekin osatuko dute, eta 104 etxebizitza libreko batekin amaituko dute, esparruan garatu beharreko 296 etxebizitzak osatu arte. Alokairuko 192 bizitokiak Alokabide sozietate publikoaren bidez kudeatuko ditu Jaurlaritzak.

Etxebizitza saila Tolosan egiten ari den jarduketaren barruan kokatu du sustapen hau Iñaki Arriola sailburuak: «Tolosan, gainera, beste 251 etxebizitza kudeatzen ari gara Alokabideren bidez. Horietatik 201, Eusko Jaurlaritzaren parkekoak dira, eta beste 50, etxebizitza hutsak erakartzeko Bizigune programakoak. Gainera, herriko 39 gaztek alokairua ordaintzeko laguntzak jasotzen dituzte hilero, Gaztelagun programaren barruan».

«Jauzi kualitatiboa»

Erakundeen arteko lankidetzari balioa eman dio Arriolak:  «Ezinbestekoa da herritar guztien etxebizitza beharrak asetzeko. Helburu hori erakunde guztiei dagokie, batez ere, Eusko Jaurlaritzari, baina udalek ere zuzenean laguntzen dute, bere udalerrietan babes publikoko etxebizitzen sustapena errazteko tresnak dituztelako.

Tolosan adostutakoa bezalako akordioak «urrats garrantzitsuak» direla gaineratu du sailburuak. Alkateak, halaber, alokairuaren aldeko politika publikoetan, «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa» dela nabarmendu du. «Tolosar guztiei bermatu behar diegu etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea. Herritarrentzat beharrezkoa da proiektu hau, alternatiba berriak eskainiko dituelako, eta gure etxebizitza-politika berresten duelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!