Argazki galeria

Iker Vicentek irabazi du apustua

Ataria 2022ko apirilaren 2a

Ia bi minutuko aldea atera dio nafarrak Mikel Larrañagari. Vicentek hemezortzi enborrak 47 minutu eta 47 segundutan bota ditu. Azpeitiarrak 49.40an geratu du erlojua.

Tolosako zezen plazan aizkora apustu handia ikusi da gaur arratsaldean. 23 urte ondoren, Euskal Herriko lehen bi aizkolariren arteko desafioa jokatu da. Iker Vicente oinbikoetatik hasi da eta Mikel Larrañaga kanaerdikoetatik. Otsagabiakoa aurretik zijoala ematen zuen, baina lehen ilara amaitu arte erreferentzia guztiak balizkoak ziren. Eta hor, tartea horrenbestekoa ez zela ikusi da, Larrañaga oso gertu zuelako Vicentek. Bigarren ilarari heldu diotenean, biak oinbikoetan, azpeitiarrak Sherpa.ai txapelketako txapelduna harrapatu du. Azpitxapelduna hamargarren enborrean bost segundora zegoen eta zezen plazako zaletuak, batez ere azpeitiarraren aldekoak, piztu egin dira. Hirugarren eta azken oinbikoan, ordea, Larrañagari adar begia atera zaio eta denborak ihes egin dio. Kanaerdikoetara minutu eta erdiko aldearekin joan da Vicente eta azken sei enbor horietan ez da ezustekorik izan. Bi aizkolariek prestakuntza eta maila bikaina erakutsi dute, eta ikuskizuna, paregabea. Beheko harmailak bete dituzten herri kirol zaletuek gogotik eskertu dute bi aizkolarien lana amaieran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!