Diru laguntza berriak 14 txotxongilolari gazteentzat

Ataria 2022ko api. 2a, 09:57

Topic zentroak, Europako beste bost zentrorekin elkarlanean, bat egin du Evoc proiektuarekin; txotxongilo arteetan prestakuntza-bide esperimentala eskainiko zaie partaideei.

EVOC - Experimenting VOCational training for Puppeteers izeneko proiektuaren barruan, Europako sei estatutako (Belgika, Eslovenia, Espainia, Frantzia, Grezia eta Italia) hamalau txotxongilolari gazte hautatuko dituzte txotxongilo arteetan prestakuntza-bide esperimentala eta ez-konbentzionala eta askotariko diziplina jasotzeko.

Erasmus+ programaren barruan finantzatzen den proiektua da. Unima erakundearekin elkarlanean, estatu bakoitzean txotxongiloekin lan egiten duen zentro batek kudeatzen du, eta Espainiaren kasuan, Topic zentroari dagokio lan hori. Gainerakoak, honako hauek dira: Le Tas de Sable - Ches Panses Verte (Frantzia), Centre de la Marionnette de la Federation Wallonie-Bruxelles (Belgika), Ljubijana Puppet Theatre (Eslovenia), Synkoino Cooperative (Grezia) eta Teatro Gioco Vita (Italia).

Txotxongilolarientzako lankidetza-proiektua da, eta hiru ardatz nagusi ditu: Txotxongilolarien prestakuntzarako dispositibo berriak esperimentatzea, txotxongilolaritza arteen alorreko lanbidearen egituratzeari buruz elkarrekin gogoeta egitea eta prestakuntzaren eta laneratzearen arteko lotura eguneratzea. "Txotxongilolarien bizitzaren une berezi horretaz gogoeta egiteko tresna izan behar du", adierazi dute Topic-eko ordezkariek.

Hamalau artista gazte horien partaidetza aktibo eta dinamikoa guztiz garrantzitsua da proiektuaren garapenean. Hautatuak izan ondoren, planifikatutako jardunbideetan parte hartzeko eskatuko zaie. "Bi prestakuntza-tailer esperimentaletan parte hartzea izango da garrantzitsuena". Honakoa izango da gaia: Gaur egungo artista gazte batek zer ideia du txotxongilolaritza-arteaz eta antzerkiaz?. "Prestatzaileek eta ikasleek elkarrekin hitz eginez eta partaide guztiek elkarri hartuz eta emanez, txotxongiloen antzezlan garaikidea hausnartuko dute", aurreratu dute. Profesional izateari eta profesionalizatzeko bideei buruz ere hitz egin beharko dute zenbait solaskiderekin. Solasaldiak eta galdetegi idatziak erabiliko dira partaidetza aktiboa bultzatzeko.

Tailerretan parte hartzeko, hautatutako partaideek diru laguntza bat jasoko dute garraio, janari eta ostatu gastuak ordaindu ahal izateko, baita, behar izanez gero, material txikiak erosteko ere. Diruok proiektuaren koordinatzaileak (Le Tas de Sable - Ches Panses Verte) banatuko ditu tailer bakoitza hasi baino bi hilabete lehenago. Diru-laguntzok eskuratzeko, hitzarmen bat sinatu beharko dute partaideek. Bertan honako hau adieraziko dute: helburuen laburpen bat, prestakuntzaren modalitateak eta edukiak, eta diruen emate eta erabiltzeari buruzko arauak. Hautatutako partaideek ezingo dute esleitutako diru kopurua baino gehiago eskatu, eta parte hartzen ez badute, dirua itzuli beharko dute.

Tailer horietan parte hartzeko honako baldintzak bete behar dituzte gazteek:

  • Proiektuaren sei estatuetako batean (Belgika, Eslovenia, Espainia, Frantzia, Grezia edo Italia) bizitzea.
  • 25 eta 40 urte artean izatea
  • Aldez aurretik txotxongilo alorreko prestakuntza bat edo batzuk jasotakoa izatea edo hiru urteko lan eskarmentua.
  • 2022ko ekainetik azarora bitarte libre egotea, hitzordu finkatuetan eta finkatzekoak direnetan parte hartu ahal izateko.

Ondorengoak dira hitzorduak:

  • Lehen online hitzordua: ekaina hasieran; hiru orduko saioa.
  • Lehen tailerra: uztailaren 4tik 10era; zortzi ordu egunero.
  • Bigarren online hitzordua: iraila hasieran; lau orduko saioa.
  • Bigarren tailerra: urriaren 5etik 11ra; zortzi ordu egunero.
  • Hirugarren online hitzordua: azaroa hasieran; hiru ordu.

Eskaerak egiteko epea apirilaren 4an amaituko da. Mezu bat bidali beharko da helbide elektronikora, honako izenburuarekin: EVOC - Experimenting VOCational training for puppeteers. Gainera, mezuak honako elementu hauek izan behar ditu: Curriculum Vitae bat EUROPASS formatuan, baliozko NAN-aren kopia bat eta motibazio gutun bat (gehienez 2.000 karaktere).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!