39 urteko gizonezkoa atxilotu dute droga trafikoagatik

Ataria 2022ko apirilaren 1a

Lan egiten duen Tolosako jatetxean atxilotu zuen atzo Ertzaintzak.

Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu du bart, lan egiten duen Tolosako jatetxean drogarekin trafikatzea leporatuta. 22:30ak aldera gertatu zen atxiloketa. Ertzaintza ostalaritza gunera bertaratu zen, "lokala substantzia sorgorgarriekin trafikatzeko erabiltzen ari zirela jakin ondoren".

Lekuan agenteek langile bat identifikatu zuten, lokala ikuskatu zuten, eta bere gauzen artean hauts zuri bat, ustez anfetamina sulfatua, speeda, zuen poltsa bat aurkitu zutela adierazi dute, bai eta substantzia bera zuten eta saltzeko prest zeuden banakako dosiak eta bi doitasun-balantza ere. Atzemandako substantziak guztira 100 gramo pisatzen zuen.

Egitate horien aurrean, Ertzaintzak atxilotu egin zuen inplikatua droga-trafikoa leporatuta, eta jarraian polizia-egoitzara eraman zuen dagozkion eginbideei hasiera emateko. Espero dute horiek amaitutakoan jarriko dutela Tolosako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.   

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!