Facua kontsumitzaileen elkarteak salatu duenez, Gipuzkoako zortzi ospitale eta osasun zentrok ez dute legeak derrigortzen duen bezala, eurekin harremanetan jartzeko doako telefono zerbitzua. Zortzi zentro horien artean daude Asuncion ospitalea eta Belateko osasun zentroa.
Donostiako Quironsalud, Arrasate osasun zentroa eta San Juan de Dios, Andoaingo eta Ordiziako osasun zentroak eta Poliklinika Gipuzkoa dira doako telefono zerbitzua ez duten gainerako sei zentroak, Facuaren arabera. Elkarteak esan duenez, Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuan salaketa jarri dute, eta baita Espainiako Kontsumoaren Zuzendaritza Orokorrean ere.
Facuak gogoratu du legeak zehazten duela oinarrizko zerbitzua eskaintzen den kasuetan, zerbitzua ematen duen enpresak telefono bidezko doako arreta eskaini behar duela. Era berean, jakinarazi die erabiltzaileei ospitale edo osasun zentro batera deitzean kostu berezia duen zenbaki bat erabili badute, diru hori itzultzeko eskatu dezaketela erreklamazio bat eginez.