Ikusmin berezia sortu du Vicenteren eta Larrañagaren arteko apustuak

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 29a, 19:59

Mikel Larrañaga eta Iker Vicente, apustuaren aurkezpenean, Tolosako zezen plazan.

Azken hiru urteetako aizkolari txapelduna eta txapeldunordea elkarren aurka ariko dira Tolosako zezen plazan, larunbatean. Bakoitzak zazpi mila euro jarri ditu.

Aspaldiko aizkora apustu bereziena jokatuko da larunbat honetan Tolosako zezen plazan. Aurrez aurre izango dira Iker Vicente otsagabiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Bi aizkolarien ibilbideak ematen dio berezitasuna apustuari. Orain hiru urte Vicente Euskal Herriko txapelduna izan zen aurreneko aldiz, eta bigarren postuan Larrañaga sailkatu zen. Ondoren bi Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusi izan dira jokoan, eta berriro Vicente eta Larrañaga izan dira lehen bi postuetan. 

Bestalde, txapelduna eta txapeldunordearen arteko azken apustua orain dela 23 urte izan zen, eta horregatik sortu du ikusmina norgehiagokak. Datu historikoei errepasoa eginez, hamabi apustu jokatu dira orain arte txapelketa nagusiko lehen bi sailkatuen artean, eta txapeldunordeak zazpitan irabazi du.  

Aizkolariak nola prestatu diren ere zeresana ematen ari da, batez ere Larrañagarenak, hamar kilo galdu dituelako. «Indar aldetik ondo ikusten nuen nire burua, baina ikusten nuen ordu erditik aurrera asko jaisten nintzela. Fisikoki iraupen hori bilatu dut eta uste dut lortu dudala». Vicentek kiloren bat gehiago hartu nahi izan du: «Larrañagak nik baino kolpe handiagoa du, eta parean jarri nahian-edo bideratu dut horrela prestaketa». Azkenean, apustuari begira pisu berean jarri dira, 89 kilotan. Larrañagak 1,87 metro neurtzen du eta Vicentek bi zentimetro gutxiago.

Apustuaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian zezen plazan bertan, eta tartean Tolosako Udaleko ordezkariak izan dira. Olatz Peon alkateak zehaztu duenez, «guk oso modu positiboan baloratzen dugu horrelako buruz burukoak Tolosako plazan egitea. Pandemia garai honetan Tolosako herriak plaza baliatu izan du jarduera asko egiteko, baina guk nahiko genuke zezen plaza herri kiroletako agertoki izaten jarraitzea. Horretarako horrelako buruz burukoak egitea ezinbestekoa da, eta maila honetakoak badira are gehiago. Gustatzen zaigu, beraz, horrelako aurkezpenetara etortzea eta babesa ematea».

Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak «alde sentimentaletik» hitz egin du: «Nire senideak Nafarroatik datoz, eta ni jaiotzez tolosarra naiz. Txikitatik ikusi dut plazan egin diren desafioetan harmailak nafarrez eta gipuzkoarrez beteta. Horrelako ohitura eta tradizioei eustea eta jarraipena emateak oso balio positiboa du».

Kontuan hartzekoak
Tolosako Kantabriko tabernan adostu zuten norgehiagoka urtarrilaren 5ean. Larunbatean, apirilaren 2an, egingo da, 18:30ean hasita, Tolosako zezen plazan, eta egin beharreko lana sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko erdibitzea izango da. Sei oinbiko eta bi kanaerdiko Larrañagak jarriko ditu eta beste hamar kanaerdikoak Vicentek. Egurrak larunbatean goizeko hamarretan hasiko dira josten eta lan hori Larrañagaren kuadrillak hartu du. Egurrak "kostata" lortu ditu alde bakoitzak, ez baita garai onena horretarako, baina azkenean gustura geratu dira eskuratu dituztenekin. 

Zazpi mila euro jokatuko ditu bakoitzak, eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak izendatuko ditu epaileak. Aizkolari bakoitzak bi laguntzaile izango ditu eta proba amaitzerakoan dopin kontrola izango da.

Sarrerak lortzeko, larunbatean 11:00etatik aurrera irekita egongo dira leihatilak, apustua hasi arte. Aldez aurretik aukera dago sarrerak gordetzeko, 616 874 838 eta 610 455 495 zenbakietara deituz, eta egunean bertan sarrera horiek jasotzeko beste leihatila bat zabalduko dute. Sarreren erreserba egiteko epea ostiralean 20:00etan amaituko da. 

Pantaila handi bat jarriko dute plazan eta zenbait ezusteko izango direla azaldu dute. Beraz, jendea 40 minutu lehenago zezen plazara joatera animatu dute. Besteak beste, apustuaren inguruko albisteak emango dituzte pantaila horren bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!