Literatura ardatz hartuta, emakumeek eginiko akelarrea

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 29a, 19:58

Jabetze Eskolak antolatutako euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldeak ostegunean ekingo dio bideari; Beatriz Rubiok gidatuta, hiru saio izango dira.

Jabetze Eskolak udaberrirako proposatzen dituen jardueren artean euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea dago. Beatriz Rubiok gidatuta, etzi, ostegunean hasiko da, eta hiru saiotan emakumeek idatzitako literatura izango dute aztergai, liburutegian. Parte hartzeko interesa duenak Tolosako Udalaren webgunean (Tolosa.eus), Berdintasuna atalean eman dezake izena.

Irakaslea da Tolosan bizi den Beatriz Rubio, eskarmentua du pedagogia feministan, eta Kattalin Minerren lekukoa hartuko du irakurketa feminista taldea gidatzen. «Emakumeak liburu baten inguruan, giro lasai eta goxo batean elkartzeko eta akelarre moduko bat egiteko aukera izango da», dio. Finean, liburuetan agertzen diren gaiak genero ikuspegitik landuko dituzte, «norbere esperientzia eta bizipenetatik».

Hizpidea emango dien liburuei dagokienez, Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren liburuarekin hasiko dira etziko saioan. Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da izango da apirilaren 28an aztertuko dutena, eta Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuina landuko dute maiatzaren 26ko azken saioan. Kattalin Miner eta bere artean aukeratutakoak direla adierazi du Rubiok: «Hiruretan idazlea emakumea da, hirurak euskaldunak dira eta euskaraz idazten dute; Malagonena ipuinak dira eta besteak nobela, beraz bi genero txertatzeko aukera ematen dute; guztietan emakumea da pertsonaia protagonista, eta emakumearen papera belaunaldi desberdinetan ikus daiteke».

«EUREN UNEA BEHAR DUTE»

Saio horiekin herritarrak emakumeek idatzitako literaturara gerturatzea lortu nahi dute. Izan ere, Rubioren arabera emakume idazleek «beste begirada bat» dute, eta «beste era batera» lantzen dituzte gaiak. Horretaz gain, euskaraz irakurtzera ere bultzatu nahi dute, «jendeak ikus dezan gaur egungo gaiak euskaraz jorratu daitezkeela».

Liburuetan agertzen diren gaiez «beldurrik gabe hitz egiteko gai izatea» nahiko luke taldeko gidariak: «Mahai gainean jarriko diren gaiak sakonak dira, eta horiei buruz ahalik eta filtro gutxien jarrita hitz egitea da asmoa». Eta horretan, emakumeen arteko solasaldiak izateak garrantzia duela dio: «Eskolan ere ikusten dut hainbat gai neskak eta mutilak elkarrekin landu beharrekoak diren bezala, neskek euren unea behar dutela batzuetan, beraien sarea sortu, beraien hitza entzun eta aintzatespena emateko euren ahotsari. Guztiok behar ditugu gure gauzak lasaitasunez bizi eta kontatzeko momentuak, eta profil desberdineko emakumeen artean egiteak asko lagundu dezake». Horri liburu baten bueltan eta liburutegi batean izatea gehituz emaitza «oso polita» izan daitekeela uste du.

Saioekin hasteko «gogotsu» dagoela dio Rubiok, eta «opari, eta aldi berean, erronka» moduan hartu dituela: «Umiltasun osoz hartu dut, ni ez bainaiz Kattalin, eta zaila izango da bere maila ematea». Herritar guztiak gonbidatu ditu esperientzia bizitzera; «partaideak eta ni berdintasun egoera batetik abiatuko gara, eta ikusiko dugu nolako bidea egiten dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!