Che Guevararen madarikazioa

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2022ko api. 1a, 19:58

La Higuerako eskola txikia, bertan tirokatu zuen Mario Teranek Che Guevara. URA ITURRALDE

Martxoaren 10ean hil zen Mario Teran, Che Guevara exekutatu zuen militar boliviarra, laurogei urte zituela. Ni hantxe egon nintzen duela urte batzuk bere etxe aurrean Bolivian, elkarrizketatu eta argazki batzuk ateratzeko intentzioarekin. Deitu ere egin nion arren ez zidan bere denbora eskaini. Agian hobe, pentsatu nuen… ez nekien zer galdetu ere hainbeste gorrotatzen nuen pertsona hari.

Nire bidaia jarraitu nuen beraz buruan antolatuta neraman bezala, La Higuerara, komandantea hil zuten tokira, iritsi arte. Bertan bai elkarrizketatu ahal izan nituen Che ezagutu zuten pertsonak eta haien bitartez izan nuen «Che Guevararen madarikazioaren» berri.

Herri sinismenak dio, Che Guevararen hilketan nolabait parte hartu zuten militar guztiek egoera arraro xamarrean euren bizia galdu zutela edo denboraren poderioz beste ezbehar batzuk jasan zituztela. Hona hemen nire koaderno txikian jaso nuen informazio guztia:

GARY PRADO

1967ko urriaren 8an Guevara atxilotu zuten gerrillarien kapitaina izan zen bera. 1980. urtean Gary Prado gurpil-aulkian geratu zen ustekabeko tiro batek bizkarrezurra kaltetu ondoren. Gaur egun laurogeita lau urte ditu.

RENE BARRIENTOS

Boliviako presidente ohia zen garai hartan, berak eman zuen Che hiltzeko agindua. Helikoptero istripu batean hil zen Bolivian berrogeita bederatzi urte besterik ez zituela.

JOAQUIN ZENTENO

Zazpigarren dibisioko komandantea izan zen Boliviako Santa Cruz izeneko hirian. Guevara hil zuen militarra aukeratu omen zuen berak. Tiro egin ziotenean ere bertan zegoela esaten dute. Parisko kaleetan hil zuten, 1976ko maiatzaren 11an, bi sikariok.

ANDRES SELICH

Jeneral boliviar honek Che Guevararen gorpua desagerrarazi zuen. Berari buruz ez dago informazio zehatzik, 1973an erail zutela besterik ez.

ROBERTO QUINTANILLA

Bere aginduz moztu zizkioten eskuak Che komandanteari. Emakume aleman batek erail zuen, ustez gerrillariaren heriotzaren mendekuan.

Eta azkenik aurretik aipatu bezala Mario Teran, Che Guevara tirokatu zuen soldadua. Bere bizitza osoa une hartan laburbiltzen da, munduko historia betirako aldatuko zuen momentu hartan. «Ez nintzen ausartzen tiro egitera, Guevara nuen aurrean, 'gizon bat hiltzera zoaz!', esan zidan berak eta azkenean begiak itxita tirokatu nuen», esan zuen elkarrizketa batean.

 

«Asko dira Che Guevararen inguruan gaur egun ere esaten direnak... eta nik behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: 'Nolakoa izango litzateke bizi garen mundua erail ez balute?'»

 

Minbiziak eraman du gizona, duela urte dezente ia itsu geratu zela ere esaten dute, mediku kubatarrek ebakuntza baten bitartez sendatu ahal izan zuten arte.

Zurrumurruak, herri sinismenak… asko dira Che Guevararen inguruan gaur egun ere esaten direnak.. eta nik behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: «Nolakoa izango litzateke bizi garen mundua erail ez balute?».

Nork daki…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!