Udal ordainketak Bizum bidez egin ditzakete tolosarrek

Ataria 2022ko mar. 29a, 11:19

Tolosako Udalak herritarrei erraztasunak emateko helburuarekin jarri du martxan ordainketa sistema; zergak, tasak eta isunak ordaindu daitezke, kreditu txartela erabili behar izanik gabe.

Tolosako Udalak Bizum bidezko ordainketa sistema jarri du martxan, herritarrei ordainketak egiteko erraztasunak emateko helburuarekin, eguneroko izapideetan teknologia berriak txertatuz. Zergak, tasak eta isunak ordaindu ditzakete sistema berri honen bidez agiriak helbideratu gabe dituzten pertsonek, bankuko txartelaren daturik eman behar izan gabe, eta helburua da etorkizunean bestelako ordainketak ere Bizum bidez egin ahal izatea, hala nola, udal ikastaroetako matrikulazioen ordainketak.

Bizum herritarren artean arrakasta izan duen ordainbide bat da, eta pixkanaka norbanakoen arteko transferentzietatik haratago hedatzen ari da. Udalari Bizum bidezko ordainketa Euskal Administrazioaren ordainketa pasabide bitartez egin behar da. Lehenik ordainagiria identifikatzen da ordainketa pasabidean, gero finantza erakundea aukeratzen da eta, azkenik, dirua kargatuko zaion erabiltzailearen telefonoa sartzen da, gako bat sartu aurretik.

Udalari ordainketak egiteko funtzionaltasun berri hau guztiz erraza eta segurua da, eta gaur egungo egoerara egokitzen da herritarren erosotasunerako, izan ere, edozein pertsonak edozein lekutatik eta edozein unetan egin ahal izango du ordainketa telematikoki bakuko txartela erabili behar izanik gabe, modu erraz eta azkarrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!