Tolosako PSE-EE-k babesa adierazi dio Txotxongiloen Nazioarteko Batasunaren Ukrainako egoitzari

Ataria 2022ko mar. 25a, 13:45

Joxe Mari Villanueva bozeramaileak elkartasun mezu bat bidali dio; Kievetik hiru ordu eskasera dagoen Khmelnytskyi hirian dago, eta errusiarren inbasioa eta bonben mehatxua jasaten ari da.

Astelehenean ospatu zen Txotxongiloen Munduko Eguna dela eta, Tolosako PSE-EEk elkartasun eta babes mezua bidali dio Txotxongiloen Nazioarteko Batasunaren (UNIMA) Ukrainako zentroari; Kievetik hiru ordu eskasera dagoen Khmelnytskyi hirian du egoitza, eta errusiarren inbasioa eta bonben mehatxua jasaten ari da.

Era berean, Tolosako udaleko PSE-EEko bozeramaile Joxe Mari Villanuevak esan duenez, txotxongiloen mundua, kulturarekin batera, "bidelagun" izan da pandemiaren "salbuespenezko" denboran. "Osasun krisian gehien sufritu duten sektoreak dira; txontxongilolari asko langabezian egon dira, diru sarrera bermatu ezinik". Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu, Harkaitz Millan sozialistak, bultzatutako kultura eta gizarte-egitura indartzeko estrategiak azpimarratu ditu.

Bestetik, Villanuevak Tolosako Topic zentroa zoriondu du, 12 urtetik hona egiten ari den lan garrantzitsuagatik, eta herritarrei dei egin die Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroak antolatutako ekintzetan parte har dezaten. "Topic bisitatzea ezinbestekoa da, herriak duen beste zentro kultural bat baita, eta Espainian eta Europan erreferentzia preziatua da turismo eta kultura alorrean. Gipuzkoako sozialistok hasieratik konprometitu gara azpiegitura honekin, eta gure kudeaketari esker, finantzaketa garrantzitsua lortu genuen zentro hori bultzatzeko".

Era berean, Tolosako Ekinbide Etxeko taldearen lana nabarmendu nahi izan du. "Elkarte hori onura publikoko elkarte izendatua da, eta Tolosaren kultura eta ezagutza sustatzea eta babestea du helburu, baita gure ondarea bermatzea ere". Gainera, eskerrak eman dizkie Idoya Otegi Topiceko zuzendariari eta Miguel Arrecheri. "Amets askoren egile izan dira".

Azkenik, aurreratu du sozialistek kultur azpiegituren aldeko apustua egingo dutela. "Kulturarako sarbidea dira, aniztasunari balioa ematen dielako, eta lurraldeen arteko kohesio eta orekarako tresna direlako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!