Udal liburutegi berriaren diseinua adosteko saioak egingo ditu udalak

Ataria 2022ko mar. 25a, 12:17

Kultur etxean kokatuko dute, eta bi saio mota iragarri dituzte: Aste Santua baino lehen, eragile eta erakunde ezberdinekin bilduko dira; maiatzean, berriz, bi bilera ireki egingo dituzte herritarrekin, proiektuaren zirriborroa aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko.

Tolosarrei eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin, joan den legealdian, eraikin-sozio-kulturalen inguruko azterketa sakona egin zuen udalak. Azterketa horren ondotik, eta bertan atzemandako beharrak eta lehentasunak kontuan izanda, kultur etxea eraberritzeko proiektuaren idazketa abiarazi zuen iaz, etorkizunean udal liburutegi berria bertan kokatzeko. Horrek, zerbitzuen eta udal-eraikin eta espazioen berregituraketa ekarriko duela aurreratu dute.

Aurten, herritarrekin elkarlanean garatu nahi dute proiektua. Azken hilabeteetan, Estudio Beldarrain enpresa aritu da proiektuaren lehen zirriborroa lantzen, udaleko sail ezberdinekin elkarlanean. "Gazte zein helduen beharrak kontuan izango ditu proiektuak eta liburutegi inklusiboa diseinatuko da, garai berrietara egokitutakoa", adierazi du udalak.

Azken urteetan, etorkizunera begira landutako proiektu guztiak partekatu ditu udalak tolosarrekin, proposamenak jaso eta herritarren iritziak entzun eta proiektu ezberdinetan txertatzeko helburuarekin. "Proiektu honen garapen eta diseinuan ere herritarrek zeresan handia izango dute, tolosarrek erabiliko dutelako azpiegitura berria. Gainera, erabilera handiko erreferentziazko espazioa da kultur etxea; horregatik, ezinbestekoa da tolosarren parte hartzea liburutegi berriaren eredua zehazteko".

Guztiei entzuteko prest

Espazioaren diseinurako herritarren beharrak, iritziak, ekarpenak eta proposamenak entzun eta jasotzeko, topaketak, elkarrizketak eta bilera irekiak antolatu ditu udalak. Prozesu parte-hartzailea dinamizatzeko, Hiritik at enpresaren laguntza izango du.

Aste Santua baino lehen, herriko eragile, elkarte eta erakunde desberdinekin topaketak egin eta elkarrizketatuko ditu, eta ondoren, herritarrekin partekatuko da proiektuaren zirriborroa. "Aurre-lanketa modura, beraz, aniztasun funtzionala duten pertsonen ikuspegi eta beharrak proiektuan barneratzeko, alorreko elkarteekin bildu nahi dugu, liburutegi berriak kontuan izan beharko lituzkeen elementuak zehazteko", azaldu du udalak.

Gazteen eta erabiltzaile potentzialak diren ikasleen beharrak aintzat hartzeko, beste saio bat egingo da Tolosako hiru ikastetxeetako ordezkari, irakasle eta gurasoekin, eta gazteria saileko teknikariarekin. "Beste herrialdeetatik Tolosara etorritako pertsonen integrazioa sustatzeko, migrazio teknikaria ere elkarrizketatuko da eta adineko pertsonen elkarte desberdinetako kideak ere bai, guztien beharrak eta eskaerak jasotze aldera, gaineratu dute.

Aurre lanketa fasea amaituta, bi bilera ireki egingo ditu udalak tolosarrekin, maiatzaren 12an eta 19an. "Proiektuaren zirriborroa aurkeztu eta herritarren ekarpen, iritzi eta proposamenak jasotzeko saioak izango dira".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!