Greba mobilizazioetan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute Ikasle Abertzaleek

Ataria 2022ko mar. 24a, 20:35

Elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan. Gasteizen egin diren mobilizazioetan 34 atxilotu izan direla, horietatik bi eskualdekoak, salatu dute.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak izan dira Ikasle Abertzaleek deituta, hezkuntza erreformei ezetz esateko. "Hezkuntza erreformen kontrako deia kaleetan hedatu da, eta horrekin batera hezkuntza sistema sozialistaren aldarria ozen defendatu dugu", adierazi dute elkarretaratzea eta gero irakurritako idatziaren bidez.

Gaur greba deialdia izan da hezkuntzan, eta Ikasle Abertzaleek "gogor" salatu dute "unibertsitatearen izaera poliziala, edozein gatazka testuingurutan aterabide poliziala baliatzea". Gaur inoiz baino argiago ikusi dutela diote "unibertsitatean ez dagoela askatasun politikorik, eta oinarrizko askatasuna ere ukatua zaigula". Mobilizazioen prestaketan aritu izanagatik 34 atxilotu egon direla salatu dute, eta "eraso horren aurrean irmoki" salatu dute Euskal Herriko Unibertsitatea dela "errudun eta erantzule zuzena". Ikaslea Abertzaleek adierazi dutenez, "bitartean askatasun politikoen defentsan antolatzen jarraituko dugu, horrelako erasorik egingo ez den unibertsitate baten aldeko borrokan".

Era berean, Segurtasun sailburuak duen "ardura" seinalatu nahi izan dute: "Izan ere, argi geratu da politika egiteko eskubidea dirudunek soilik dutela, hala frogatzen baitu indar polizialen erabilerak, zeinak soilik instituzioetatik kanpo antolatzen direnen aurka joaten baita". Eta gaineratu dute garbi geratu dela "hezkuntzaren modernizazioaz, aurrerapenez eta guztion onerako hezkuntzaz ahoa betetzen zaien horien asmoa zein den: antolakuntza oro errotik moztea, zigortzea, bortxaz ezabatzea, ikasle langilea zapaltzea eta itotzea".

Azkenik, Ikasle Abertzaleek atxilotu guztien kargugabetzea exijitu dute, eta poliziak unibertsitatera sarbiderik ez izatea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!