Terrazen ordenantzak ostalari eta herritarrekin garatuko ditu udalak

Ataria 2022ko mar. 24a, 18:01

Bilera irekia egingo du Tolosako Udalak herritarrekin, hilaren 29an, ordenantzen inguruan hitz egiteko.

Pandemiako hilabeteetan terrazen azalera handitzea baimendu zen, "ostalariek beren jarduerarekin aurrera egiten jarraitu ahal izateko". Bada, orain, aurrera begira, ordenantza erregulatzaileak garatzea ezinbestekotzat jo du Tolosako Udalak.

Hain justu, iaz abiatu zuten ordenantzak garatzeko prozesua. Lehenik eta behin barne-bilerak egin zituzten eta azaroan egin zuten lehen bilera ostalariekin, garatutako zirriborroa partekatzeko. Ostalariek ekarpenak egiteko aukera izan zuten, eta orain herritarren txanda dela azaldu dute udaletik. Herritarrentzat bilera irekia, martxoaren 29an izango da, 18:00etan pleno aretoan.

Bileran eragile inplikatuek zein herritarrek parte hartuko dute, elkar-entzuteko. "Izan ere, herri mailako ordenantza izanik, guztiengan du eragina eta guztiek dute zer esana". Ordenantza berrien helburua da ostalaritzako jarduerak eta establezimenduak, jolas  eta joko izaerakoak, instalatzeko, irekitzeko, funtzionatzeko eta terrazak kokatzeko baldintzak zehaztea eta arautzea.

Udalak azaldu duenaren arabera, ordenantza arautzaileek tresna eraginkorrak izan nahi dute herritarrek ostalaritza-, jolas- eta astialdi-jardueren arloan dituzten premiei eta eskariei erantzuteko eta baita jarduera horiek herritarren atsedena eta ongizatea bermatzeko moduan ezartzeko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!