Imanol Rojok nagusitasunez irabazi du Espainiako Txapelketa

Ataria 2022ko mar. 23a, 15:59

Alpino Uzturreko iraupen eskiatzaileak maila onean aritu dira, eta denboraldian zehar jokatutako Espainiako Kopan hirugarren postua lortu dute taldekako sailkapenean.

Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak izan ziren asteburuan, Larra-Belagua estazioko Kontienda gunean, eta bertan parte hartu zuten Tolosako Alpino Uzturre elkarteko kideek. Ostiralean klasiko eran, larunbatean estilo librean eta igandean bikoteka egiten den team esprint modalitatean.
 
Senior mutiletan, Imanol Rojo izan zen irabazlea bakarkako bi modalitateetan, bigarrenari tarte handia atereaz. Master kategorian, Harkaitz Labeaga hirugarren izan zen klasikoan eta bosgarren librean. Igor Aranburu laugarren eta seigarren izan zen, hurrenez hurren. Senior nesketan, Ainara Lakuntza bosgarren eta zortzigarren, eta Irene Amantegi zazpigarren eta hamargarren izan ziren.
 
18 urtez azpiko nesketan, Naroa Amantegi klasikoan laugarren eta estilo librean bosgarren, eta Laia Arakama bosgarren eta zazpigarren. 16 urtez azpiko mutiletan, Hodei Juaristi laugarren eta zortzigarren, eta nesketan Laia Azpilgain hamalaugarren eta hamabosgarren. 14 urtez azpiko mutiletan Bernat Agirre 18.garren eta 14.garren, eta nesketan June Aranburu hirugarren eta bosgarren izan ziren.
 
Igandeko team esprint modalitatean, absolutu mutiletan, Mikel Plazas eta Imanol Rojo bikotea bosgarren eta Igor Aranburu eta Harkaitz Labeaga bederatzigarren izan ziren. Absolutu nesketan, Irene Amantegi eta Ainara Lakuntza bosgarren eta Laia Arakama eta Naroa Amantegi  zazpigarren amaitu zuten. 16 eta 14 urtez azpiko mutiletan Bernat Agirre eta Hodei Juaristi zortzigarren izan ziren, eta nesketan, Laia Azpilgain eta June Aranburu zazpigarren.
 
Eta, denboraldian zehar, puntuagarriak ziren lasterketa desberdinetan lortutako puntuak batuz, hauek  izan dira Espainiako Kopako emaitzak: banakakoan, master mailan, Igor Aranburu hirugarren eta Harkaitz Labeaga laugarren izan dira, eta Imanol Rojok atzerago bukatu du denboraldian zehar Munduko Kopan aritu delako; 18 urtez azpikoetan, Alaia Juaristik hirugarren amaitu du (berez lehenengoa izateko aukera izanik, baina Espainiako Txapelketan ez ditu puntuak batu Espainiako selekzioarekin FOJE txapelketan izan delako), Naroa Amantegi laugarren eta Laia Arakama bosgarren; 16 urte azpikoetan Hodei Juaristi hirugarren eta 14 urtez azpikoetan June Aranburu ere hirugarren. Taldeka, Alpino Uzturre hirugarren izan da, 28 eski elkarteen artean.
 
Nazioarteko lehian
Alaia Juaristi parte hartzen ari da Espainiako selekzioarekin Europako Gazteen Olinpiar Jokoetako jaialdian, eta astelehenean egindako 7,5 kilometroko estilo libreko proban 48. amaitu zuen. Atzo egindako 5 kilometroko klasiko erako proban 47. amaitu zuen. Bihar esprint modalitateko proba izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!