Epeltasun keinuak bildu nahi dituzte Aita Mari ontziarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 23a, 13:32

Laskorain Ikastolak ‘Familia bat, manta/lo-zaku bat’ elkartasun kanpaina antolatu du; larunbatean, materiala bilduko dute San Frantzisko eliza ataria.

Gabonen bueltan, ohiko hitzordua izaten da, Tolosan, Laskorain Ikastolak antolatzen duen Merkatu Txikia. Behar handiena duten familientzat janari eta material bilketa antolatzen dute, eta asko izaten dira elkartasuna adierazten duten herritarrak. Azken Gabonetan, ordea,pandemiak baldintzatuta, ezin izan zuten halakorik antolatu, eta Elkartasun Ufada kanpaina jarri zuten martxan. «Herritik eta herriarentzat aritu gara beti, eta hala arituko gara gerora ere. Zinez eskertuta gaude lortutako emaitzarekin», azaldu dute ikasleek.

Gipuzkoako Elikagai Bankua, Gipuzkoako Caritas eta Zaporeak elkarteak lagundu zituzten orduan. Aurten, berriz, Aita Mari erreskate ontziari eskainiko diote elkartasuna. «Ontziarekin sortutako elkarlanaren fruitua da. Ikastolako ikasle guztiok jaso dugu erreskate ontziaren inguruko ezagutza, bai eta haiekin zuzeneko konexioa izan ere. Kapitainarekin, erizainarekin eta boluntarioekin hitz egiteko aukera izan berri dugu. Hori dela eta, Aita Mariren lana ezagutzearekin batera, giza eskubideen balioen defentsan aritzen den lan-taldea eta Aita Mari - Maydayterraneo proiektua laguntzeko prest gaude», gaineratu dute.

Erreskate-misioak egiten ditu Aita Marik. «Mediterraneo erdialdeko Sar eremuko uretan, gerratik, gosetetik edo zapalkuntzatik ihesi, etorkizun hobea izateko modu bat besterik aurkitzen ez duten pertsonak artatuz eta epeltasuna eskainiz aritzen da lanean». Horregatik, Laskorain Ikastolako ikasleek bat egingo dute proiektuak berak defendatzen dituen eskubideekin, hala nola, bizitzeko eskubidea, laguntza humanitarioa jasotzeko eskubidea, babeserako eta segurtasunerako eskubidea eta nazioarteko asilioa jasotzeko eskubidea.

Datozen egunetan, Laskorain Ikastolak Tolosaldea mugiarazi nahi du, herritar oro erakundea laguntzera, eta bide batez, eskualdearen elkartasun ufada lau haizetara zabaltzera gonbidatuz. Horrela, bilketa berezia antolatu dute larunbat goizerako, Familia bat, manta/lo-zaku bat izenburupean. San Frantzisko elizaren atarian egongo dira ikasleak, 11:00etatik 13:30eara. Laskotxaranga txarangak bat egingo du ekimenarekin; herriko kaleak girotzen ariko da, Alde Zaharrean nahiz San Frantzisko ibiltoki inguruan.

Ikastolatik hasi eta herrira zabaldu nahi dute manta eta lo-zaku bilketa. «Tolosar, bizilagun eta nahi duen orok badu elkarlanerako bere alea jartzeko aukera. Ahalik eta bilketa handiena lortzea izango da erronka. Horiek izan daitezela tolosarron eta bizilagun guztion epeltasun keinuak», nabarmendu dute ikasleek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!