Herrikide Ikastetxeak elkartasun kanpaina berri bat abiatu du

Ataria 2022ko mar. 23a, 11:58

‘Elkartasun urratsak’ ekitaldia antolatu dute larunbaterako, Tolosan, Itaka-Eskolapioak sareko hogei ikastetxeren alde.

Ikasturteko azken hiruhilekoari ekitearekin batera, Herrikide ikastetxean urtero egiten duten elkartasun kanpaina burutzeari ekin diote Herrikide Ikastetxean. Aurten, Itaka-Eskolapioak sareak Bolivian, Mexikon, Venezuelan, Kamerunen, Gabonen, Mozambiken, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Senegalen eta Indian dituen hogei ikastetxe lagunduko dituzte, bertan egiten duten lanari bultzada emateko. «Kanpainan lortutako dirua ikastetxe horiek laguntzeko erabiliko dugu, ikasleek, hezitzaileek eta familiek euren ingurunea eta errealitatea aldatzen eta eraldatzen jarrai dezaten», adierazi dute ikastetxetik.

Kanpaina honen barruan, tolosarrek nahiz inguruko herritarrek laguntza emateko aukera izango dute larunbatean, hilak 26, Tolosan. San Frantzisko ibiltokiko 12. zenbakian dagoen eraikinaren inguruan, Elkartasun Urratsak ekitaldia egingo dute. Bi euroren truke, dortsal bat jasoko dute parte hartu nahi duten herritarrek, eta ikastetxeak markatutako ibilbidean nahi dituzten kilometroak egiteko aukera izango dute. Interesa dutenek, 10:00etatik 12:00etara izango dute aukera. «Betidanik bultzatu dugu elkartasuna, eta larunbatean ere, herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera», esan dute ikastetxetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!