Osasun publikoaren afera

Batera eskatu dute eszedentzia Barne Medikuntzako sei medikuk

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 22a, 19:59

TOPA plataformak esan duenez medikuak Asuncion ospitaletik joateko arrazoiak «lan baldintzak eta gehiegizko esplotazioa» izan dira. Dituzten kezkak handitzen ari direla salatu dute plataformako kideek eskualdeko osasun langileak alboan dituztela egindako agerraldian. 

Orain bi hilabete egindako galdera berberak zabaltzen jarraitzen du TOPAk: «Orain jasaten ari garen kalitate eskaseko arreta jasotzen jarraitu behar al dugu? Zer kalitate izango du jasoko dugun arretak? Gure osasun agintariek zer asmo dute?». Dituzten kezkak handitzen ari direla salatu dute plataformako kideek eskualdeko osasun langileak alboan dituztela egindako agerraldian.
   
TOPAk adierazi duenez, Asuncion ospitalean, Barne Medikuntzako zerbitzuko lan taldean, modu koordinatutan, eszedentzia eskatu dute titulu homologatua duten sei mediku espezialistek, «medikuen %100». Plataformaren arabera, profesional horiek horrela jokatzea erabaki dute zentroko zuzendaritzak 2016-2021 epeko jarduerari buruz egindako memoriaren aurkezpenaren aurrean zer erantzun eman duen ikusita. 

Memoria horretako ondorioztapenetan zerbitzu horretan eta epe horretan, lan kargak gora egin zuela agertzen dela diote TOPAtik —%63 gehiago espezialista bakoitzeko—. «Pazienteei osasun arreta duina emateko, beste hiru langile kontratatzea eskatu zuten, izan ere, pertsonal gabezia horrek zekarren lan karga handiak kontratuan jarritako orduak baino ordu gehiago sartzera behartzen zituen, eta, gainera, zentroak ez zizkien ordaintzen», argitu dute.

Osasun Sailaren eta Asuncion ospitalearen arteko hitzarmen publiko-pribatua «desastre» moduan definitu dute; «ospitalea ez da gai izan hitzarmena sinatzean bere gain hartu zituen konpromisoak betetzeko, eta Osasun Saila erabat ezgauza agertu da 
sinatutako akordioak betearazterakoan». Esaterako, Asuncioneko medikuen %50, gutxi gorabehera, espezialitate homologaturik ez dutenak eta izango ez dutenak izatea onartu duela salatu dute: «mediku orokorrak dira, nahiz eta hitzarmenak dioen espezialistek eman behar dutela arreta, osasun publikoko ospitaleetan bezala».

Profesionalak etengabe aldatzea ere onartu duela esan dute, eta «horrek berarekin dakartza konfiantza falta eta pazienteei arreta txarra ematea».  

Hala, Osasun Sailak «beste behin» beste aldera begiratu du plataformaren ustez, «zerbitzu oso batzuetan, aldi berean eszedentzia hartzea, alde egitea edo erretiro aurreratua hartzea erabaki dutenean». Hori gertatu zela dio TOPAk Traumatologian, Anestesian eta Errehabilitazioan, eta orain gauza bera gertatu dela Barne Medikuntzan.  

«Zigorrik ez»
Bestalde, ospitaleari ez zaiola zigorrik jarri azpimarratu dute, «hitzarmenak zehaztapenak jasotzen baditu ere». Eta are gehiago, esan dute, «zigortu ez, baizik eta hitzarmena bi urterako berritu dutenean, emandako dirua 21 milioitik 24ra igo dute aurten, eta datorren urtean 25 milioi izango dira». 

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzarmeneko baldintzei jarraipen etengabea egiten zaiela erantzun diete. Baina TOPAtik kontrol falta «erabatekoa» baino ez dagoela esan dute. Era berean, espezialisten errotazioa «ohiko praktika» dela, zentro erakargarriagoak badaudelako, eta, oro har, espezialistak falta direlako» dioten bitartean, TOPAk garbi du, zentrotik alde egiteko arrazoia  «lan-baldintzak eta gehiegizko esplotazioa» izan direla; «hala erakusten du joan berri direnen memoriak».   

Beste erantzunetako bat, espezialitatea homologatu gabe badaukate ere, eskaera tramitatzen ari direla izan bada ere, batzuk 15 urte baino gehiago daramatzatela egoera horretan dio TOPAk; «eta badakite, ondo jakin ere, ez dituztela betetzen homologatzeko behar diren baldintzak». 

«Tolosaldeko herritarrek ez dute merezi arreta kalitate ezin txarrago hau eta irtenbide etikoa eta bidezkoa hitzarmen desastre horren aurreko egoerara itzultzea da», eskatu dute. Eta Asuncionek ematen dituen zerbitzuekin gustura dagoenak ospitalera  jo dezala, eta gustura ez daudenek aukera izan dezatela Donostia ospitaleko kontsultetara joateko eta han ingresatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!