«Inoiz baino gehiago behar gaituzte»

Ataria 2022ko mar. 22a, 19:39

Espainiak Mendebaldeko Sahararen inguruan izandako jarrera aldaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Tolosan.

Erreakzio soka luzea ekarri du Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko duen jarrera aldaketak. Orain arte, Nazio Batuen Erakundearen itunak defendatzen zituen, erreferendum baten bidez sahararrek euren etorkizuna erabaki zezaten.  Orain, berriz, Madrilek bat egin du Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari pasa den astean bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sanchezek gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi duen bezala» tratatuko duela Maroko.

Mendebaldeko Saharako Errepublika Demokratikoak eta Fronte Polisarioak deitoratu egin dute Espainiako Gobernuak harturiko «erabaki penagarria», eta adierazi dute Marokoren plana nazioarteko legearen aurkakoa dela.
Espainiaren jarreraren aurka agertzeko eginiko protestak ugariak izan dira azken egunetan. Eskualdean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta egin dute elkarretaratzea Tolosako Trianguloa plazan, Mendebaldeko Sahara ez dago salgai lelopean. «2020ko azaroaren 13az geroztik aurrerapausorik eman ez denez eta gerra egoera nagusi denez, egoeraren larritasun handiaz jabetuta, Marokoren xantaiaren aurrean egindako lagapen onartezinaren aurrean gaitzespena adierazten dugu eta Euskal Herrian geure egiten dugun gatazka hau behin betiko konpontzeko eskatzeko dugu», adierazi zuten. 

Bestalde, larunbatean Madrilen egingo den sahararren aldeko elkarretaratzera batzeko deia egin zuten, «inoiz baino gehiago behar gaituztelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!