EH Bildu kritiko azaldu da udal gobernuaren hirigintza politikarekin

Ataria 2022ko mar. 22a, 13:39

Koalizioak dio Amarotzen egingo dituzten 111 etxebizitzen proiektuarekin udalak 666.000 euro galduko dituela etxebizitza politiketan inbertsio zuzenak egiteko.

Tolosako EH Bilduk esan du udal gobernutik hirigintzan onartu diren azken proiektuetan abstentziora arrazoirik gabe jotzea leporatu zaiola eta zalantzan jarri dela EH Bilduren etxebizitza politika. "Arrazoi sendoak ditugu baina erabaki hauek hartzeko". Koalizioak Iurreamendiko plan berezia ekarri du gogora: "Jokin Bildarratzen agintaldian 2009ko Hirigintza Plana onartu eta Larramendi auzoan legeak baimendutakoa baino etxebizitza gehiago egin ziren, auzitegiek adierazi bezala. Hori dela eta Iurreamendiko lur eta inguruko berdeguneak Sistema Orokorretara pasa ziren, Larramendiko gehiegizko eraikuntza zuritzeko. Hiri antolamendu jasangarria eta orekatuaren aurretik etekin ekonomikoa lehenestearen ondorioak".

"Hala ere plana hobesteko prest" azaldu zirela esan du eta bi baldintza jarri zituela: babes ofizialeko etxebizitzak alokairukoak izatea eta hirigintzako ekintzan sortutako gainbalioen %15a, behin auzune berriaren ekipamenduak osatuta, Alde Zaharra eraberritu eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko inbertitzea. EAJk alokairuko etxebizitza sozialen parkea handitzearen kontra egin zuela gaineratu du. "San Frantzisko 37ko plan berezia onartzerakoan, Sagrado Corazón etxea deritzona babesteko eskaria egin genuen, Tolosako etxe singular bakanetarikoa mantentzea alegia, baina EAJri badirudi ez zaiola ondare arkitektonikoa babestea interesatzen, beraz honetan ere abstenitu egin ginen".

Azken osoko bilkura

Azken osoko bilkuran udalak Visesa erakunde publikoarekin hitzarmena sinatzea onartu zela gogoratu du, Amarozko paper fabrika zenaren lursailean alokairura bideratutako 111 etxebizitza eraikitzeko, hain zuzen. Eta esan du alokairurako etxebizitza publikoaren parkea zabaltzea sustatzen duela EH Bilduk, "eta noski sektore pribatua ez sartzeko bermeak jartzea babesten dugu, bide eraginkorra delako etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioari aurre egiteko". Horiek horrela, udalak Visesa erakundeari emango dion 666.000 euroko diru laguntza ez dela bidezkoa uste du, "legeak ahalbidetzen badu ere". Gogoratu du era berean, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestu eta publikoa sustatzeko duen erakundea dela eta 2022an esaterako  79,4 milioi euroko aurrekontua duela horretarako. "Udalak noski etxebizitza politika sustatu behar du, erakundeen arteko elkarlanaren bidez beharrezkoa bada, baina Amarozko esparruan sustatzailea horretarako sortutako erakundea da, lursailak 2008an erosi zituen eta. Beraz, udalaren laguntza izapideak erraztu eta hobariak eskaintzea izan beharko luke, besterik ez".

Diru laguntza justifikatzeko egin den azterketa ekonomikoa "guztiz lerrotua" dagoela salatu du ere. "Izan ere, bertan P 2.1 partzela soilik hartzen da kontutan, errentamendurako izango diren etxeak eraikiko den partzela, defizitarioak direnak, hain justu. Baina ez dira kontutan hartzen ondoko lursailean eraikiko diren etxebizitza libreak, etekin ekonomikoa emango dutenak alegia". Azken osoko bilkuran hartutako erabakiarekin udalak etxebizitza politiketan inbertsio zuzenak egiteko 666.000 euro galduko dituela uste du EH Bilduk, "erakunde publiko-pribatu baten onurarako, ezin baitugu ahaztu Visesa EJk, Euskadiko Kutxak eta Kutxabank-ek osatzen dutela". "Tolosako EH Bildutik tokiko etxebizitza politikak sustatzen jarraituko dugu, modu orekatu eta jasangarrian, dugun higiezinen ondarea babestu eta eraberrituz, eta etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzeko lan eginez".



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!