Anfibio piriniotarren inguruko hitzaldia, bihar, Tolosako udaletxean

Ataria 2022ko mar. 22a, 07:58

Biodibertsitate Gunearen baitan, 'Tolosaldea, anfibio piriniotarren azken arrastoa' hitzaldia eskainiko du Ion Garin biologoak, pleno aretoan, 19:00etan hasita.

Ion Garin biologoak Tolosaldea, anfibio piriniotarren azken arrastoa hitzaldia eskainiko du, bihar, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. 19:00etan hasiko da saioa, euskaraz izango da, eta bertaratu nahi dutenek, biodibertsitategunea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali behar dute.

Biologian lizentziatua da Ion Garin, Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere lan-ildo nagusia populazioen eta habitaten kudeaketa eta jarraipena da eta, oraindik orain, espezieen jokabidearen ildo esperimentalari lotu zaio. Fauna inbentariatzeko lanak egin ditu eta herpetofauna aztertzeko irakaskuntzan eta ingurumenerako boluntariotza-programetan monitore jardun du.

Anfibio komunitatearen ikuspegitik, Euskal Herria "eremu oso aberatsa" dela aitortu du, "Europako aberatsenetako bat". Espezie aniztasunari dagokionez, Tolosaldean zortzi anfibio espezie ikusi daitezke, lau urodelo eta lau anuro. "Guztien artean interes handiena pizten duena uhandre piriniotarra da; izan ere, endemismo piriniotar honen mendebaldeko mugan kokatzen diren populazioak Leitzarango bailarako errekasto gutxi batzuetan aurkitzen dira. Bizidun hauen gainbehera isilaren atzean, gizakiak zuzenki edo zeharka sortutako mehatxuak daude. Habitat suntsiketa eta narriaduraz gain, espezie arrotz inbaditzaileen sartzapenak edo gaixotasun emergenteak, ataka-estuan jarri dituzte gure artean milioika urtez bizi izan diren bizidun liluragarriak", azaldu du Garinek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!