Tolosa CF mendeurrena

Ekainean hasi eta hamahiru hilabetez luzatuko dira Tolosa CF-ren mendeurrenaren ospakizunak

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 18a, 18:13

Imanol Esnaola, Olatz Peon eta IƱaki Arratibel, Tolosa CF-ren mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean.

Ekainaren 8an beteko dira ehun urte Tolosa CF kluba sortu zela, eta egun horretan emango diote hasiera ekitaldiei. Azken ekitaldia 2023ko ekainaren 24an izango da, orduan beteko baitira ehun urte Berazubi estadioa inauguratu zela. Ospakizunetan eskubaloi sailak leku nabarmena izango du, aurten bere 50. urteurrena ospatuko baitute.

Hamahiru hilabetez, beraz, ekitaldi sorta antolatu du klubak, eta horien aurkezpena egin dute gaur goizean Tolosako udaletxean. Bertan izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea, Iñaki Arratibel mendeurreneko ekitaldien antolakuntza burua eta Imanol Esnaola eskubaloi saileko zuzendaritza taldeko kidea. Peonek hartu du lehendabizi hitza, eta alkate bezala batzuetan "une oso konplikatuak" pasa izan behar dituela azaldu du, "baina badirela beste momentu batzuk, gaurkoa bezala, herriaren historian geldituko dena, eta aukera izango dudana ni bertan egon nintzela esateko". Ehun urte iraun duen proiektu batek bere horretan "garrantzia izugarria" duela gaineratu du, "ospatzea ere merezi duena".

Bestalde, alkateak azaldu du "ukaezina" dela kirolak gaur egun duen garrantzia: "Funtsezkoa bihurtu da, eta horretarako kirol instalazio egokiak izatea beharrezkoa da, eta hori hein handi batean udalaren eginbeharra da. Baina kirol instalazioak izateaz gain, harrobia sustatzeko, herri nortasuna indartzeko, behar-beharrezkoa da Tolosan izan den elkarte bat bezalakoa". Tolosa urdina dela esan du, eta herri nortasuna identifikatzeko ehun urte hauetan klubak eman dion indarra "izugarria" izan dela gaineratu du. "Eta nik, herriaren izenean, gaur Tolosa CF-ri hori eskertu nahi diot, herria handiagoa egitea. Mendeurrenak modu handi batean ospatzeak merezi du, eta eskertu nahi diet ehun urte hauetan klubetik pasa diren partaide guztiei". Ekintza komunitarioek gaur egun "berebiziko garrantzia" hartu dutela azaldu du Peonek, eta uste du horrelako ekintza bat izan dela Tolosa CF.

Gaur egun, zortzi sailek osatzen dute Tolosa CF: atletismoa, eskubaloia, txirrindularitza, futbola, gimnastika erritmikoa, mendia, pilota eta tenisa. Guztiek aktiboki parte hartuko dute jardueren antolaketan eta aparteko ekitaldiak antolatuko dituzte. "Izugarrizko jendetza pasa da ehun urtetan klubetik, gehienentzat esperientzia ona izan dela esan daiteke, eta nahi duguna da ekintza batzuen bidez hori zabaltzea", esan du Arratibelek. Eskubaloiaren sailak, aurten 50. urteurrena ospatzen duenez, ekitaldi batzuetan berezitasun propioa izango du. Zentzu horretan, Esnaolak adierazi du klub bezala ehun urte betetzea "marka handia" dela, eta horrekin batera nabarmendu du "50 urtez eskubaloi atala bizirik mantentzeak bere meritua" duela eta hori ospatzeak bere leku berezia izango duela.

Ekitaldiak

Mendeurreneko inaugurazio ekitaldia ekainaren 8an izango da, eta egun horretan Berazubiren sarreran dagoen armarria berrituko da, eskultura bat jarriko da eta mendeurrenaren liburua aurkeztuko dute. Batetik, armarri berriarekin arropa aterako dute. Bestetik, jarriko den eskulturak Urdinez mundua mugitzen izenburua du eta Guillermo Olmo eskultoreak egingo du. Horrez  gain, liburua Joxemi Saizar eta Joseba Urretabizkaia ari dira osatzen.

Egitasmoetako bat mendi sailak antolatu du, Gipuzkoako 100+11 mendiak urdinez izenarekin. Helburua da mendi batera igotzean, soinean izatea Tolosa CF-ren kamiseta eta argazki bat ateratzea, gero erakusketa bat egiteko. Dagoeneko martxan dago egitasmoa eta mendeurrenaren amaiera arte iraungo du.

Gipuzkoako Futbol Federazioaren gala Tolosan egingo dute, Gipuzkoan futbolean lanean ari diren pertsonak omentzeko. Oraindik ez da zehaztu, baina, noiz izango den data zehatza.

Gimnastika erritmikoko sailak kurtso amaierako jaialdi berezia egingo du, bertako parte hartzaile guztiekin. Ekainaren 15-16ko asteburuan izango da ekitaldia. Horrez gain, 2022ko eguberrietan, nazioarte mailako gimnasta batekin eskola magistral saioa antolatuko dute.

Udarako hainbat partida garrantzitsu antolatzen ari dira. Esaterako, mendeurreneko partida berezian Realeko gizonezkoen taldeak parte hartzea nahi dute, baina data zehazteko dago. Realeko emakumezkoen taldeak ere partida bat jokatzea nahi dute, eta horretarako ere data zehaztu gabe dute. Eskubaloiari dagokionez, goi mailako gizonezkoen lau talderen arteko 100 urte-50 urte neurketak jokatuko dira, abuztuaren 26an eta 27an. Bidasoa, Benidorm, Nava eta erabakitzeke dagoen laugarren talde batek parte hartuko dute. Horrez gain, Bera Bera emakumezkoen taldearen partida ofizial bat antolatu nahi dute, ligakoa edo Europako lehiaketa batekoa, baina data ere zehazteke dago oraindik.

Mendeurrenaren erakusketa ere antolatu dute, Aranburu jauregian. Irailetik abendura bitarte ikusi ahalko da, eta argazkiak zein klubaren historiako beste elementu esanguratsu batzuk erakutsiko dira. Bideo bat ere osatzen ari dira, Pablo Dendaluzeren laguntzarekin, eta erakusketan bertan ikusgai izango da.

Eskubaloiaren Festa ere izango da, urriaren 1ean. Bertan, 50 urteetan parte hartu duten jokalari eta ingurukoekin jaia ospatuko dute, eta hainbat sorpresa izango direla azaldu dute.

Atletismoak ere bere lekua izango du, eta 4x400 metroko lehiaketa antolatu dute sail horretatik. Urriaren 22an egingo da, herriko kaleetan, eta kirol festa herrikoia izatea nahi da. Klubeko atletez gain, Tolosa eta Tolosaldeko herritarrek parte hartzea da asmoa.

Pilotari dagokionez, bertako sailak urritik aurrera benjamin, alebin eta infantil mailetako txapelketa antolatuko du, eta txapelketari bukaera emango dion jaialdian Tolosaldeko pilotari profesionalek parte hartuko dute. Uztailean, mendeurreneko pala txapelketa egingo da Berazubin, eta baliteke finala Beotibarren jokatzea.

Hitzaldi eta mahai-inguruak ere antolatu dituzte, bost guztira, eta 2022ko azarotik hasita 2023ko apirila bitarte egingo dira. Oraindik ez dituzte zehaztuta noiz izango den solasaldi bakoitza.

2023ko Pazko Asterako infantil mailako nesken futbol txapelketa antolatu da, eta ekainean eskubaloiko San Joan Haur Torneoa izango da. Bestalde, datorren urteko ekainaren 17an, alebin mutilen Urtzi Futbol Txapelketa egingo da.

Ekainaren 12an, 2023an, estropadak izango dira Oria ibaian. Egun horretan kontzertu jaialdia egingo da zezen plazan, talde ezagun batekin eta Tolosaldeko hainbat talderen parte hartzearekin. Gazteei begirako jaialdia izango da, eta sarrera doan izango da, baina baldintza bat jarriko dute: soinean Tolosa CF-ko kamiseta eramatea.

Datorren urtean ere, ekainaren 17an, mendeurreneko ikuskizuna egingo da. "Emanaldi berezia izango da, erakutsiz Tolosa zer den, Tolosa CF zer den, eta beste kirol batzuen parte hartzearekin ere", esan du Arratibelek. Oria ibaiaren inguruan egingo da, eta musika, antzerkia eta beste hainbat diziplina artistiko uztartuko dira.

Mendeurrenaren ospakizunei amaiera emateko, Berazubin ekitaldi berezia egingo da, 2023ko ekainaren 24an. San Joan eguneko eskopetarien alardearen ekitaldi nagusia Berazubin egingo da, Euskal Herria plazan egin ordez.

Beste egitasmo batzuk badituzte zerrendan, baina oraindik ez dituzte datak zehaztuta. Horietako bat da Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak buruhandi berri bat izango duela, Tolosa CF ordezkatuko duena. Bestalde, bi egutegi aterako dituzte. Batetik, TolosaGasak eta Tolargik babesten dutenean, 2023koa Tolosako kirola izatea gaia, eta ekaineko orria Tolosa CF-ri eskainia izatea. Bestetik, egutegi/agenda berezia aterako dute, 2022ko ekainetik 2023ko ekainera bitartean, eta bertan mendeurrenean egingo diren ekitaldi guztiak jasoko dira. Bigarren horretarako, Tolosa CF-ko kirolari eta bazkideen artean argazki lehiaketa martxan jarriko dute.

Azkenik, 2023an Tolosa CF-ren gala egingo da, eta bertan bazkari festa batean, belaunaldi guztietako kirolariak eta bazkideak elkartu nahi dituzte. Oraindik gala honen data zehaztu gabe dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!