Ekintzaileentzako jardunaldiak izango dira datorren astean

Ataria 2022ko martxoaren 17a

Martxoaren 23an eta 24an Ekin Ekintzailetza Jardunaldien bigarren edizioa ospatuko da Tolosako Emari Coworking Espazioan; saioak doakoak izango badira ere, bertaratzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. 

Coworkingak komunitateari egiten dio erreferentzia, elkarbanatzeari; eta ekintzailetzak eta berritasunak bat egiten duen puntua, etengabeko ikasketa da. Biak uztartuz eta elkarrengandik ikasteari lekua egin asmoz, Tolosako Udalak eta Mondragon Unibertsitateak Ekin Ekintzailetza Jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu dute martxoaren 23 eta 24rako. Emari Coworking Espazioan egingo dute,  eta ekintzaile izatearen erronkan laguntzea du helburu.

Eskualdeko ekintzaile eta profesionalekin kontatu nahi izan dute, bakoitzak bere esperientzia mahai gainera eramateko: ekintzailetzaren tendentziak, coworking espazioen eragin positiboak eta hamaika proiekturen nondik-norakoak izango dituzte hizpide. 

Javi Rivero izango da protagonistetako bat, Ama ostalaritza establezimenduaren ibilbidea gaitzat hartuta. Hitzaldiaren osteko mahai-inguruan ere hartuko du parte Riverok, eskualdeko aurpegi ezagun gehiagorekin batera: Nerea Elosegi, Ilazki Zalakain edo Iñaki Aranburu, besteak beste. "Emari Coworking Espazioan hazitako proiektuak ere tartean izango dira, gune honen emankortasunaren erakusle. Espazioa bera ezagutu nahi dutenentzat ere aberasgarria izango da jardunaldia", adierazi dute antolatzaileek. 

Laburbilduz, ekintzaileen arteko harremanak sustatzearekin batera, berrikuntzaren munduko azken albisteak izango dituzte hizpide partaideek, eta ekitera animatzeko zalantzan daudenentzat aholkuak ere ez dira faltako. "Ekiteko gogoz edo bere proiektuari bultzada bat emateko asmoz dauden herritar guztiak gonbidatuta daude", gaineratu dute. 

Jardunaldia doakoa bada ere, izena ematea beharrezkoa da. Lotura honetan egin daiteke, edo bestela, emari@emari.eus helbidera mezu bat bidaliz.

EGITARAUA:

Martxoak 23, asteazkena.

17:30. Emari Coworking Espaziora ongi etorria eta ekimenaren aurkezpena.

17:45. Hitzaldia: Ikusten duguna, egiten duguna eta garena: tendentziak, proiektuak eta kooperatiba esperientzia. Irune González eta Ainara Atorrasagasti (DOT).

19:00. Hitzaldia: Coworking guneak, sorkuntzarako eta aukerak gauzatzeko epizentro gisa. Sayuri Alvarado (Impact HUB Donostia).

Martxoak 24, osteguna.

17:30. Hitzaldia: Ekintzaile baten gogoetak. Javi Rivero (AMA).

18:15. Mahai-ingurua: Ekintzailetasuna bailaran.

Parte hartuko dutenak:

  • Javi Rivero | Ama
  • Iñaki Aranburu | Oroi
  • Nerea Elosegui | Fundacion Emplea
  • Ilazki Zalakain | Benio
  • Cristina Larrañaga | Tolosako Udala
  • Josune Prieto | Mta-Mue

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!