Astelehenean hasiko dira Amarozko Auzo-Etxe ondoan estalkia eraikitzen

Ataria 2022ko mar. 17a, 17:36

Hamalau asteko iraupena izango dute lanek; erabilera anitzeko estalkia eraikitzeaz gain, haurrentzako jolas berriak jarriko dituzte belazean. 

Tolosako Udalak dagoeneko esleitu ditu dagoeneko Amarotz auzoko Auzo-Etxe eraikinaren alboan estalki berria eraikitzeko lanak eta datorren astean emango zaie hasiera obrei. Affa Arquitectura Tecnica SL enpresa arduratuko da obra zuzendaritzaz eta Campezo Obras y Servicios enpresak egingo ditu hirigintza lanak. Guztira 451,792,61 euroko kostua izango dute lanek (BEZ barne).

Enpresa esleipenduna martxoaren 21ean, datorren astelehenean, hasiko da lanekin. Horretarako, lan eremua itxiko dute eta parkea zeharkatzen duen ibilbidea ere moztuko dute obrak gauzatu ahal izateko. Guztira, hamalau asteko beharko dituzte lanak gauzatzeko, eta obrak iraun bitartean, bermatuta egongo da Auzo-Etxerako (arrapalatik) eta entsegu lokaletarako sarbidea. 

Azken urteetan Amarotzen egin dituzten lanei jarraipena emanez, eta Auzo-Etxe ingurua berrantolatzeko parte hartze prozesutik ateratako ondorioei eta eskakizunei erantzunez eraikiko dute orain estalpea, baita naturan integratutako jolas gunea berria ere. Proiektua auzotarrekin partekatu du udalak eta haiekin adostu dituzte estalkiaren diseinua eta jarriko diren jolas berriak.

Euria egiten duenerako, erabilera anitzeko jolas gunea sortuko dute. Estalpe berriaren azpian, anfiteatro txiki antzekoa eraikiko dute auzoan antolatzen diren ekintzak bertan gauzatu ahal izateko. Horretarako, babestuta geldituko diren harmailak jarriko dituzte.

Era berean, naturan integratutako jolas gune berri bat egokituko dute Auzo-Etxe ondoko belardian. Jolas gunea osatuko duten jolas, eserleku, zein bestelakoak egurrez eraikitako elementuak izango dira, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz. Hala, eserlekuak, egurrezko etxola, tirolina, lurrezko muino, tunel zein ezkutalekuak eta txirrista jarriko dituzte. Jolas hauen azpialdea malgutzeko kautxuzko zorua jarri ordez harea edota ezpala bezalako elementu naturalak erabiliko dituzte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!