Oria ibaia garbitzen ariko dira datozen asteetan

Ataria 2022ko mar. 17a, 15:25

Martxoa amaitu arte ingurumenari lotutako lanak egingo ditu Tolosako Udalak, ikastetxeekin eta Zehar elkarteko errefuxiatuekin elkarlanean; erreka garbitzeaz gain, edukiontziak berritu eta baranden azpialdean sareak jarriko dituzte.

Aurten ere Tolosako Udalak Oria ibaia garbi mantentzeko lanak eta herritarrak inplikatu eta kontzientziatzeko ekimenak gauzatuko ditu. Adierazi dutenez, "zoritxarrez, gero eta ohikoagoa" da ibaiertzak plastikoz eta hondakinez beteta ikustea. "Hondakin horiek paisaia itsustu eta uraren kalitatea eta bertako ekosistema kaltetzen dute. Ibaiak kutsatzeaz gain, plastikoak itsasora iristen dira gure osasunaren eta ingurumenaren kalterako. Horregatik, aurten ere ekimen ezberdinak burutuko ditu udalak martxoaren 22an ospatuko den Uraren Nazioarteko Eguna dela eta. 

2020an, Olarrain eta Pisuaga auzoetan egin zituen udalak garbiketa lanak, baita erdigunean ere, kasu honetan boluntarioekin elkarlanean. Era berean, Foruen etorbideko zubian sareak jarri ziren, lurreko zaborrak errekara ez erortzeko. Iaz, berriz, udalaren ohiko lanez gain, Arrantza Federazioarekin batera garbiketa lanak egin ziren Nafar zubitik Zuloaga auzorainoko eremuan, eta herritarrak kontzientziatzeko kanpaina egin zen estolda zuloetan, Itsasoa hemen hasten da mezuak jarrita.

Lan horiek guztiek jarraipena izango dute aurten ere. Ikastetxeekin eta Zehar elkarteko errefuxiatuen talde batekin elkarlanean gauzatuko dira garbiketa lanak. Zehar elkartearekin hitzarmena sinatu du udalak erreka garbiketa lanak gauzatzeko, eta ikastetxeekin, zehazki, martxoaren 21ean, 22an eta 24ean egingo dituzte garbiketa saioak. Aurreko urteetan egin duten moduan, Tolosako 3 ikastetxeek parte hartuko dute: Herrikide, Laskorain eta Orixek. Guztira DBHko 300 ikasle inguru ariko dira ibaia garbitzen. Ekimen hau Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan kokatuta dago. 

Horiez gain, herriko elkarte ezberdinak ere inplikatuko dira, esaterako, Zumardia elkartea. Garbiketa lanak atzo hasi zituzten eta martxoa amaitu arte egingo dituzte. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azpimarratu du "herritarren inplikazioa funtsezkoa" dela Oria ibaia osasuntsu eta garbi mantentzeko. “Guztion ardura da ibaia garbi mantentzea eta kontzientziazioan dago gakoa aurrerapausoak emateko”.

2020an abiatutako ekimenari jarraipena emanez, Berazubi auzoko zubian eta Euskaldun berrien oinezko zubian baranden azpialdean sareak jarriko dituzte, lurreko zaborrak errekara ez erortzeko.

Azkenik, plastikoak dira hein handi batean ibaian agertzen diren hondakin nagusiak. Horregatik, edukiontziak berritu egingo dituzte, estalkia izango dute eta ibaitik urrutiago kokatuko dituzte, herritarrek hondakinak edukiontzietan botatzeaz gain, zaborrontzietako hondakinak haizeak altxatu ez ditzan eta ibaira erori ez daitezen. Ibaira iristen den plastiko kopurua nabarmen murrizteko helburua ezarri du udalak. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!