Alokairurako 111 bizitoki eraikiko dituzte Amarotzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 17a, 07:59

Visesa enpresarekin hitzarmena sinatzea onartu du udalak azken osoko bilkuran; etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko inbertsioa egingo du.

Tolosako Udalak 111 etxebizitza berri (guztiak, alokairurako etxebizitza babestuak) eraikiko ditu Tolosako HAPOko 20.1 Amarotz Paper fabrika hirigintza eremuko P-1 lursailean (frontoi berriaren ondoan). Visesa sozietate publikoarekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du udalak. Udal gobernua osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) alde bozkatu dute azken bilkuran; oposizioko alderdiak (EH Bildu) abstentziora jo du.

Amarotzek azken urteetan izan duen hirigintza-eraldaketa «garrantzitsua» izan dela, eta Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadan auzoan egin duen ahalegina «azpimarratzekoa» dela esan du Egoitz Sorozabal zinegotziak. «Batetik, lursaila erosi zuen Orubide elkartearen bitartez (16 milioi euro), eta ondoren, ia 4 milioi euroko kostua izan duten urbanizazio lanak egin ditu. %10eko aprobetxamenduagatik zegokion diru kopurua ere ordaindu zion udalari, eta horrek ahalbidetu du auzoan ekipamendu komunitario batzuk izatea, besteak beste, auzoetxea», nabarmendu du.

Sorozabalek adierazi duenez, 2009tik HAPOan (Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean) aurreikusten zen eremuan etxebizitza berriak eraikitzea. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzen %50 libreak izango ziren, %30 babes ofizialekoak eta %20 tasatuak. Guztiak salmentara bideratutako etxebizitzak izatea aurreikusten zen; ez zegoen aurreikusita alokairura bideratutako etxebizitzarik. Hitzarmen berria sinatu ondoren, berriz, etxebizitzen %35 izango dira libreak, eta gainerako %65 babes ofizialekoak. «Agertoki berri batean gaude. Babes ofizialeko bizitokiak alokairura bideratzeko konpromisoa hartu dugu», azaldu du zinegotziak.

Udalak dagoeneko eskaria egin dio Visesari, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko pausoak ematen hasteko, eta enpresak, lehen fasean, 111 etxebizitza eraikitzen hasteko konpromisoa hartu du; hori bai, udalak ere diru ekarpen bat egingo du. «Udalaren diru ekarpena zehazteko azterketa ekonomikoa egin dugu. Guztira, 20 milioi eurokoa da kostua, eta udalak 6.000 euroko ekarpena egingo du bizitoki bakoitzeko; guztira, 660.000 euro, kostu osoaren %3,4. Zalantzarik gabe, diru kantitate garrantzitsua da».

Ekarpen ekonomikoak adosteko, baldintza batzuk zehaztu dituzte udalak eta Visesak: batetik, etxebizitzak alokairura bideratzea modu iraunkor batean; bestetik, horietan tolosarrek lehentasuna izatea; eta azkenik, etxebizitza horien eraikitzea beti Eusko Jaurlaritzaren edo sektore publikoko sozietate publikoen esku uztea. Aurrez aipatutako 20 milioi euroko inbertsioaz gain, 20 milioi euro gehiago inbertituko ditu Jaurlaritzak etxebizitzak egiteko; bigarren fasea eginez gero ere, beste hainbeste euro ordainduko du. Guztira, beraz, 60 milioi euroko inbertsioa egingo luke Tolosako auzoan.

Diru laguntzarekin kritiko

Udal gobernuak argi adierazi du proiektu berria «eman beharreko pausoa» dela. «Merezi du horrelako apustu bat egiteak. Alokairura bideratutako politika publikoetan salto kuantitatibo bat emateko aukera paregabea dugu hitzarmen honen bidez», esan du Sorozabalek. «Tolosan dugun etxebizitzen arazoari irtenbidea emateko urrats garrantzitsua da», gaineratu du Joxe Mari Villanuevak (PSE-EE).

EH Bildu alderdiko Ander Figeridok argi adierazi du alokairurako etxebizitza publikoaren parkea zabaltzearekin bat egiten dutela, «etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioari aurre egiteko bide eraginkorra delako». Hala ere, kritiko azaldu da udalak Visesari emango dion diru laguntzarekin: «Udalaren elkarlana soilik izapideak erraztu eta hobariak eskaintzea izan beharko luke. Erabaki honekin, udalak 666.000 euro galduko ditu etxebizitza politiketan inbertsio zuzenak egiteko, erakunde publiko-pribatu baten onurarako».

Udalak politika publikoak alokairura bideratu ahal izateko, lankidetza «beharrezkoa» dela erantzun dio Sorozabalek. «Bakoitzak bere dimentsiotik bada ere, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da». Hori dela eta, «ulertezina» iruditzen zaio oposizioak hirigintza garapen guztietan abstentziora jotzea. «Zalantzak sortzen dizkit etxebizitza alorrean sustatu nahi duzuen politikak», gaineratu du udal gobernuko ordezkariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!