Bidegurutzea biribilgune bilakatzeko lanak hasi dituzte

Ataria 2022ko mar. 16a, 14:58

Atzo hasi ziren San Frantzisko ibiltokiaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzeko obrak; ondorioz, aldaketak izango dira autobus zerbitzuan eta trafikoan.

Aurreikusitako asfaltatze lanak amaitu ondoren, atzo eman zien hasiera San Frantzisko ibiltokiaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bilakatzeko hirigintza-lanei. Behin betiko soluzio bat diseinatu da oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartzen dituena. "Aldaketa honekin, eremuko bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetu, zaratak gutxitu eta emisioak murriztuko direlako", adierazi dute udaletik.

Biribilgunea egitean, San Frantzisko ibiltokiko eta Alliri auzotik datorren kaleko bi erreiak desagertu egingo dira eta bana utziko da bi kaleetan, espaloiaren eta bidegorriaren zabalera handitzeko. Beraz, obren hasieratik, San Frantzisko ibiltokiko eta Alliritik datorren kaleko errei bat kendu egingo da.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Biribilgune berria eraikitzeko lanak direla eta, aurrerantzean, Bidania-Goiatzera doan autobus zerbitzuaren ibilbidea aldatu egingo da; Berazubi auzotik, Paper kaletik eta SAM enpresako biribilgunetik igaroko da autobusa.

Horrez gain, ibilgailuen ohiko ibilbidea ere desbideratu egingo da. San Frantzisko ibiltokitik Pedro Tolosa kalera joateko aukera egongo da, baina ezingo da Araba etorbiderantz zuzen jarraitu. Horretarako, Geltoki kaletik igaro beharko da.

Paper kalea, martxa onean

Bestetik, Paper kalea eraberritzeko lanak martxa onean doazela adierazi du udalak. Dagoeneko erdibitzailea kendu dute eta hasi dira espaloiak zabaltzeko eta eremua irisgarriagoa eta seguruagoa egiteko lanekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!