Asteburu honetan izango da Gipuzkoa Encounter, era birtualean

Ataria 2022ko mar. 15a, 18:58

Ostiraletik igandera izango da, eta 400 pertsonak parte hartu ahalko dute; 'Gipuzkoaencounter.org' helbidean eman ahalko da izena.

Teknologia eta informatika zaleen Gipuzkoa Encounter topaketa aurten ere online egingo dute. 16. edizioa izango da aurtengoa, eta martxoaren ostiraletik igandera, martxoaren 18tik 20ra egingo dute. Antolatzailek esan dutenez, COVID-19agatik, online formatua mantentzea erabaki dute, eta ondorioz,  partaideek beren etxeetatik parte hartu ahal izango dute.

2020 eta 2021 urteetan online burututako ekitaldi birtualekin lortutako esperientziari esker, topaketa "erakargarria" prestatu dute antolatzaileek, aurrez aurreko hitzorduen egitura berarekin. Guztira 40 jarduera inguru izango dira, mota guztietako lehiaketak, hitzaldiak eta dibulgazio-tailerrak barne. Segurtasun informatikoan, arte digitalean, programazioan, bideojokoen industrian edo 3D inprimagailuetan oinarrituko dira saioak, batik bat.

Aurtengo Gipuzkoa Encounterrek 400 plaza birtual izango ditu, topaketa presentzialak Usabal kiroldegian izango lukeen kopuru bera, eta parte hartu nahi dutenek Gipuzkoaencounter.org webgunean erreserbatu dezakete lekua. 

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin. 
Pandemiak ezarritako mugak ez direla oztopo izango esan dute, eta ekimenak ohiko helburuari helduko dio: "teknologia berrien arloan prestakuntza, dibulgazioa eta dibertsioa uztartzea".

Jarduera irekiak
Izena ematen dutenek topaketako arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako areto birtualak topatuko dituzte, eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izena emateko aukera izango dute. Antolatzaileek lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitu dute bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko. 

Era berean, topaketatik kanpo gelditzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, eduki batzuk irekiak izango baitira. Online eskainiko diren doako prestakuntza-hitzaldiak eta Gipuzkoa Encounterren jarraipena egingo duen Encounter TV saioa doan ikusi ahal izango dituzte Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/ 

Lanpartya ostiralean hasi, martxoak 18, 10:00etan, eta martxoaren 20an, igandean, amaituko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!