Zoriontsua naiz nire seme-alabak irribarrez ikustean, haien ahotsa beren iritziak defendatzen entzutean, beren erabakiak nola hartzen dituzten ikustean. Zoriontsua naiz nire ikasleei bizi diren mundua uler dezaten leiho bat irekitzen diedanean. Zoriontsua naiz nire familia elkarrekin ikusten dudanean, elkarrekin topa egiten. Zoriontsua naiz egunsenti gorietan.
Hala ere, une batzuetan, tristurak gogor korapilatzen ditu emozioak bularraren parean, arnasa estutzen du eta gosea kendu. Begiak lausotzen ditu eta ez du etorkizuna ikusten uzten. Sinapsi neuronalak blokeatzen ditu, eta ez du eragiten, ez erreakzionatzen, ez korapiloa desegiten uzten.
Azken aste hauek horrelakoak izan dira, zaila izan da hain tristura handiaren baitan zoriontasuna topatzea Benedetti jauna.
Bereziki zaila egin zait Martxoaren 8a nire mugetatik aldarrikatzea. Aurten, ezin ditut bihotzetik atera seme-alabak hartu eta bonba eta tiro artean benetazko mugak zeharkatzen ari diren emakumeak: kristal baten bi aldeetan elkartutako eskuak, oroimenean irudi bat gordetzen saiatzen diren begiak, agur dioten oinak, bake bila dabiltzan besarkadak. Errefuxiatu hitza femeninoz idazten da “gerrak emakume aurpegia ere baduelako” (Svetlana Alexievich). Aurtengo M8a haientzat, beraien familiarentzat bizitza hobe baten bila berain etxea uzten dutenen emakumeentzat.
«Bereziki zaila egin zait Martxoaren 8a nire mugetatik aldarrikatzea. Aurten, ezin ditut bihotzetik kendu seme-alabak hartu eta bonba eta tiro artean benetako mugak zeharkatzen ari diren emakumeak»
Emakume hauek, ama hauek, alaba hauek: non aurkituko ote dute poza orain? Non bilatu zoriona? Haien erresilentzia gaitasunean fede osoa izan beharko dugu, jada ezinezkoa da jainko zerutarrengan itxaropenik izatea, akaso jainkosa lurtarrengan.
Emakume horiek urdinez eta horiz janzten dira gaur, baina Afganistanen burka janzten dute eta niqab-a Yemenen, Mediterraneotik Jordaneraino sufritzen dute Palestinan, dardarka egiten dute Haitin lurrak egiten duen bezala, oinutsik korrika egiten dute Kongon eta Mozambiken.
Bakea iragankorra da, gerra iraunkorra. Soilik mina eta pobrezia dira globalak. Eta horrelako mundu batean, Benedetti jauna, zer egin zorionak tristurari borroka irabaz diezaion? Beste jakintsu handi batek, Mafaldak, ”geldi dadila mundua! ni jaitsiko naiz eta”, esan zuen. Agian denok jaitsi eta hutsetik hasi beharko ginateke: zerua morez margotu, feminismoa landatu eta bakea eta berdintasuna uztatu.