Bakearen aldeko emanaldia, gaur

Ataria 2022ko mar. 15a, 08:53

Tolosako Eduardo Mokoroa Musika Eskolako ikasle eta irakasleak kalera aterako dira gaur, 18:30ean, bakearen aldeko kontzertu bat eskaintzeko.

Musika eta Dantza Eskolen Elkarteko eskola guztiek bat egingo dute gaur, bakearen aldeko emanaldiak eskaintzeko. Eduardo Mokoroa Musika Eskolako ikasle eta irakasleek bat egin dute deialdiarekin eta 18:30ean Himmo de la Alegría obra eskainiko dute Emakumeen Plazan. "Ekitaldi honekin eskolak bakearen aldeko aldarrikapen irmoa zabaltzea du xede, eta baita gerraren biktima eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztea ere", esan dute musika eskolako arduradunek. Gehitu dute egun hauetan atsekabetuta ikusten ari direla Ukrainan gertatzen ari dena; "komunikabideek milaka hildako eta ia bi milioi errefuxiatu aipatzen dituzte, herrialdetik ihesi doazenak, haien bizitzak, oroitzapenak eta, horietako asko, familiako kideak atzean utziz. Giza eskubideak berariaz urratzen dituen botere-borroka baten erdian harrapaturik dauden biktima errugabeak dira. Izan ere, nahiz eta desadostasuna legitimoa izan, inposizio armatua, suntsipena eta erailketa erabat onartezinak dira".

Horiek horrela, Musika Eskolen Elkarteak erabateko gaitzespena adierazi dio gerra honi eta edozein indarkeria motari, edonon dela ere. "Era berean, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gerraren ondorio latzak jasaten ari diren pertsona guztiei, ilusio eta itxaropenak indarrez atzemanda ikusi dituzten haurrei eta familiei". "Musikak bonbak isilaraz ditzala eta gure instrumentuak izan daitezela arma bakarrak, notak jaurtiz mundua bakearen aldeko doinuekin samurtzeko", gaineratu du elkarteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!