Autokontsumorako energia sortzen hasi dira ferialekuko panelak

Ataria 2022ko mar. 11a, 14:12

244 eguzki plaka jarri zituen udalak pasa den urtean, eta egun eguzkitsu batean 300 kW sortu ditzakeela azaldu dute.

"Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustuan", Tolosako Udalak 244 eguzki plaka jarri zituen ferialekuko teilatuan iaz, udal eraikinetako argindarra energia berriztagarrien bitartez hornitzeko helburuarekin. Bada, plaka horiek dagoeneko hasi dira autokontsumorako energia sortzen, eta berriki ospatu den Energia Eraginkortasunaren Munduko Egunaren harira, eguzki panelek sortutako energiari buruzko datuak kaleratu ditu udalak eta hartutako konpromisoak berretsi. 

Udaletik azaldu dutenez, ferialekuan jarriko den instalazio fotovoltaikoa autokontsumo kolektibokoa da. Abenduan egin zen sarera konexioa, Tolargirekin beharrezkoak ziren izapideak egin ondoren eta abenduan hasi zen sistema berria energia igortzen. Hortaz, autokontsumo unitatea, geroztik, martxan dago.

Instalazioak 100,00kW potentzia du, eta modulu bakoitzak 410 W-ko potentzia. Monitorizazio sistema ere ezarri dute, besteak beste, une oro produzitzen den energia kopurua ezagutzeko, kontrola egiteko eta mantenuan laguntzeko. 
Autokontsumorako legeak oraindik ere mugak ezartzen baditu ere, 500 metroko erradiora mugatzen delako autokontsumoaren baliagarritasuna, udala eguzki panelek sortutako energia berriztagarria udal eraikinetako argindarra hornitzeko erabiltzen hasi da, hain justu, ferialekuan, kultur etxean eta zahar etxean.

Instalazioa martxan jarri zenetik, 1.000 kW sortu ziren abenduan, 3.000kW urtarrilean eta beste hainbeste otsailean. Egun eguzkitsu batean, 300kW sor litezkeela azaldu dute. "Energia horren banaketa, legeak ezartzen dituen mugen baitan egiten da, eta ondorioz, oraindik orain ezin da energia guztiz aprobetxatu. Dena den, dagoeneko ari dira banaketa koefizienteak aldatzeko proposamena lantzen". 

Jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa Legealdi Planean jasotako lan lerro estrategikoa dela eta zentzu horretan hainbat ekimen jarri direla martxan dagoeneko, eguzki panelen instalazioaz gain, gogoratu du Tolosako Udalak: Hiribus elektrikoa, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Plana, kontsumo energetikoaren kontrolerako azterketa, udal eraikinen kalifikazio energetikoa eta Led argien instalazioa argiteria publikoan.

Bestalde, eguzki energiaren aprobetxamendua bultzatzeko, indarrean dauden ordenantza fiskaletan %95eko hobaria jaso dezakete herritarrek eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, autokontsumorako energia berriztagarriak instalatuz gero. "Energiaren alorrean, beraz, jasangarritasunaren aldeko aurrerapausoak ematen ari da Udala, eta Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren proiektuaren baitan, autokontsumorako energia sorkuntza banatua sustatzeko konpromisoa hartu da", esan dute.  

Halaber, 2030 urterako eraikin publikoen argindarraren %32 energia berriztagarrien bitartez hornitzeko helburua dago ezarrita. "Hori dela eta, urrats garrantzitsua da udalak emandakoa bide beretik lanean jarraitzeko konpromisoarekin eta zentzu horretan, dagoeneko, beste udal eraikinetan eguzki panelak instalatzeko aukera aztertzen ari da udala, ezarritako %32ko helburura iristeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!