Amarozko auzo elkarteak ongizateari begirako hitzaldi sorta antolatu du

Ataria 2022ko martxoaren 11

Amarozko auzo elkarteak hilean behin hitzaldi bat antolatu du; guztiak norbanakoaren ongizateari begirakoak dira. Lehena, martxoaren 15ean, asteartean, izango da Leire Aramendik eskainita.

Udaberriko ongizate hitzaldiak prestatu du Amarozko auzo elkarteak; datorren astean hasi eta ekaina bitarte luzatuko da ekimena. Elkartetik aurreratu dutenez hizlariak bertatik bertarakoak izango dira: "Inguruko adituak etorriko dira eta gaiak ongizateari buruzkoak dira, beti ere ongizate hori modu zabal batean ulertzen dugulako".

Datorren asteartean, martxoaren 15ean, 19:00etan, Amarozko auzo etxean abiatuko dute hitzaldi zikloa. Leire Aramendik Pedagogia sistemikoa aztertuko du. Gehiago ere zehaztu dute elkartetik: "Pedagogia sistemikoa bizitza begiratzeko beste modu bat da. Norberaren sistema familiarra gerturatzeko bide bat".

Esan bezala, hitzaldiak ekaina bitarte luzatuko dira. Hizlariak oraindik aurreratu ez badituzte ere, gaiak eta datak zehaztuta daude dagoeneko. Esaterako, apirilaren 5ean, astrologiaz ariko dira; maiatzaren 12an, olio esentzialei buruz; eta azkenik, ekainaren 14an, autoezagutza eta garapen pertsonalari buruz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!