Herritarren ekarpenak aztertuz, etorkizuna irudikatzen hasi dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 10a, 15:04

Xarles Iturbe, Olatz Peon, Markel Olano, Maite Peña eta Begoña Tolosa, Plaza Zaharrean, gaurko bileraren ondoren. JOSU ARTUTXA

Olatz Peon Tolosako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiko Markel Olano diputatu nagusiaren eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuaren bisita jaso du udaletxean.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia lurralde historikoko zenbait udalerri bisitatzen ari da asteotan. Bertako alkateekin bilerak izaten ari da, ideiak partekatzeko; Olatz Peon Tolosako alkatearekin izan berri dira bera eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua. Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, iazko uztailaren 8an Trianguloa plazan kokatutako kapsulan herritarrengandik jasotako ekarpenak aztertzeaz gain, etorkizuneko proiektu nagusiei buruzko ikuspegiak partekatu dituzte hirurek.

Tolosa eta Gipuzkoa 2040. urtean nolakoak nahi duten izatea galdetu zitzaien Trianguloa plazako kapsulara bertaratu ziren herritarrei. Guztira, 96 ekarpen jaso zituen Aldundiak, eta horien artean nabarmentzekoak dira biztanleriaren zahartzeari, ingurumenari, berdintasunari eta osasunari lotutakoak. Politikari, ekonomiari, mugikortasunari eta gazteen politika beharrei lotutako proposamenak ere azaltzen dira.

Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu duenez, «garrantzitsua da entzute aktiboa eta erakundeen arteko lankidetza, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko. Halaber, gizarte-politiken esparruan indarrak batzea «are beharrezkoagoa» dela adierazi du, «gizarte-ongizatea eta pertsonen zaintza sustatzeko».

Dagoeneko 24 udalerritan eta lau unibertsitate fakultatetan aurkeztu dute programa, eta 2.500 ekarpen baino gehiago jaso dituzte. «Proiektua tresna eraginkorra izaten ari da», esan du Olanok. «Bi urtez luzatzen ari den pandemiaren testuinguruan, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea», nabarmendu du diputatu nagusiak. Aurreratu duenez, jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan.

Olanoren iritziz, programa horri esker, gobernatzeko modua «eraldatzen» ari da lurralde osoan. «Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz jarri zen abian, eta herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko», esan du.

Uzturre egoitzara bisita
Udaletxean bildu ondoren, Uzturre zentroa bisitatu eta adinekoentzako eguneko arreta zerbitzu integral berria ezagutu dute agintariek. Mendekotasun arriskuan dauden edo mendekotasun arina duten 70 urtetik gorakoei zuzendutako zerbitzua da. «Funtsezkoa da, adinekoen autonomia, prebentzioa eta gizarte harremanak lantzeko», adierazi du Peonek.

Zerbitzu hori 2009an jarri zen martxan, baina Tolosako Udalak programaren egitura indartuko du aurten, zerbitzu osoagoa eskaintzearen garrantziaz jabetuz, eta Uzturre egoitzan egindako bi proba piloturen bidez lortutako ikaskuntzetatik abiatuta. «Zerbitzu osoa eskaintzea da helburua, mendekotasun arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duena, eta familien zaintza lana erraztuko duena, adinekoek beren autonomia-mailari eutsi ahal izan diezaioten, eta beren ingurunean eta ohiko komunitatean bizitzeko eta integratzeko aukera handiagoak izan ditzaten», azaldu du alkateak.

Aldundiak helarazitako datuen arabera, mendekotasuna duten hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi du. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, mendekotasunerako zenbait zerbitzu eta prestazio uztartzeari esker, «bost urtera arte luzatzen zaio adinekoari etxean bizitzen jarraitu ahal izateko aukera, horrela, egoitzetako sarrera atzeratuz eta etxean kalitatezko zaintza pertsonalizatuak bermatuz». Hori dela eta, etxean zaintzeko estrategia bat garatzen ari da Aldundia. «Estrategia hori etxean bertan laguntza pertsonalizatua eta berritzailea ematean oinarrituko da, eta Tolosan aktibatutako eguneko arreta-zerbitzu integralak erabat laguntzen du lurralde-mailan partekatzen dugun helburu horretan», gaineratu du Olanok.

Ibilbide-orri bat
Diputatu nagusiak adierazi du «lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua» dela Gipuzkoa. Horretarako, lankidetza-ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea «ezinbestekoa» dela gaineratu du. Gizarte-politikei dagokienez, azpimarratu du aktibazio komunitarioa eta berrikuntza «giltzarriak» izango direla etorkizuneko zainketen arloan, Gipuzkoan gertatzen ari den arreta ereduaren eraldaketaren esparruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bizkortu egin du azken urteotan zainketa pertsonalizatu, inklusibo eta komunitariogoak lortzeko prozesua, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda programaren bitartez. Diputatuaren arabera, Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea eta lurralde osorako ibilbide-orri bat ezartzea da programaren helburua. «Adinekoen eta mendekotasuna duten herritarren bizi-kalitatea hobetzeko urrats esanguratsuak ematen ari da Tolosa, betiere zerbitzu berritzaileen bitartez», esan du Olanok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!