ELKARRIZKETA

«Ez dakit feminismoa ez den beste leku batetik egiten»

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 11a, 07:57

La Furia. JAVIER SANCHEZ-RICO PORTILLO

Tolosako Bonberenean izango da La Furia, gaur, 22:00etatik aurrera; El Virus taldeak ere kontzertua eskainiko du.

La Furia bezala ezagunagoa da Nerea Loron (Cascante, Nafarroa, 1983) rap abeslaria. Bere laugarren lana ondu du berriki, Post mortemizenarekin, eta birako bigarren kontzertua eskainiko du gaur gauean, Bonberenean.

Duela gutxi izan zara Bonberenean, zure sare sozialetan zabaldu duzunez.

Kontzertu bat eman genuen ateak itxita, entsegu orokor bat bezala. Sekulako mesedea egin ziguten Bonbereneako kideek lekua utzita. Elkarrekin lanean ari garen taldekideontzat izan zen kontzertua eta lagun pare bat ere eraman genituen, feedbacka jasotzeko. Grabatu egin genuen; zuzeneko bat egiteko orduan prestatuago egoteko elkartu ginen.

Inauterietan izan zen.

Pentsa ze jatorrak diren, Tolosako inauterietan guretzat Bonberenea irekitzeko.

Aurreko asteburuan abiatu zenuten bira, Getxon. Zer moduz joan zen?

Asko gozatu genuen. Espazioa ere ederra zen eta agertokira igotzen garenok eskertu egiten dugu hori; hainbeste denbora eskaini diozun lanak distira handiagoa egin dezake soinu eta argiztapen onarekin. Bestalde, jendearekin topo egiteko irrikaz geunden, jendea zutik zegoen, ederra izan zen.

Laugarren lanarekin zabiltza. Aurrekoekin alderatuta ezberdina da?

Egiten duzun guztia da aurrekoaren ezberdina, baldin eta funtzionatzen duen formula bat sistematikoki errepikatzen ez baduzu. Zeure buruari joaten uzten badiozu, nik uste desberdina izan behar duela lanak nahitaez. Ni behintzat ez nago duela bi urte nengoen bezala, eta duela bi urte ere ez nengoen duela bost urte nengoen bezala, beraz, desberdina da. Musika aldetik, berriz, oso eklektikoa da; izan ere, nik egiten dudan guztia horrelakoa izaten da. Hala ere, uste dut beste disko batzuetatik ezberdintzen duena dela, amorrua existitzen dela, presente dagoela, baina beste era batera lantzen dela une batzuetan. Esan dezaket agian amorrua ez dela diskoan gehien aurkitzen dena. Bizitzara begiratzea da aurkitzen dudana, Wonderful jaunaren katilu bat izan gabe; heriotza askotatik datorrela badakiena, minari hurbiletik begiratzea ausartu dena, eta eskuak zikintzera ere ausartu dena min eta zauri horiek gainditzeko. Guztiok badugu iluntasuna gure bizitzetan eta ezin dugu aurre egin iluntasun horri begiratu gabe.

 

«Nire eskubideen alde borrokatzen badut, beste baten eskubideen alde ere ari naiz»



Hortik dator diskoaren izena: 'Post mortem'.

Horrekin du zerikusia, bai. Bizitzaren inguruko disko bat da, nire ustez bizitzea merezi duen bizitza horretan heriotza askotatik igaro behar izaten da nolabait esateko, eragozpen askotatik, bidegabekeria askotatik. Kexetatik proposamenera pasatzea da.

Zure norabidean ikusi zaitugu, feminismotik.

Ez dakit beste leku batetik egiten. Barrutik sortzen zaidana da. Hortik kantatzen dut, baina ogia erostera noanean bezala da, orduan ere feminista izaten jarraitzen dut. Zarenak egiten duzun guztia bustitzen du.

Ez zara mozten, gardena zara.



Ez badut egiten, barrua lehertuko zait. Orduan, niregatik egin behar dut. Norbaitek gauzak bere buruagatik egiten dituenean, edo beste baten alde borrokatzen duenean, izaera unibertsala izaten du horrek. Nire eskubideen alde borrokatzen badut, beste baten eskubideen alde borrokatzen ari naiz.

Ze gai ukitzen dituzu zure letretan?

Amatasunaz hitz egiten dut, ondo egoten lagundu didaten emakumeez hitz egiten dut, nire sexualitateaz ere bai, gertatu zaizkidan eta haserretzen nauten gauzez baita ere. Nik uste dut leku batean eserita egonda ikusten dudanaz hitz egiten dudala, eta baita bizi izan dudanaz ere.

Eta hori guztia hamar abestitan bildu duzu.

Beti geratzen zaizkizu gauzak tintontzian, beti daude letrak diskoan sartzen ez direnak. Inoiz ez dakizu onena aukeratu duzun, baina une horretan iruditzen zaizuna aukeratzen duzu, eta, beraz, sentitzen duzun horri sinesgarritasuna eman behar diozu. Disko bat amaitzean, guztiek bezala amaitzen dut: alde batetik, ahituta, eta beste aldetik mila gauza bururatzen zaizkizu. Gaur gauean, adibidez, letra bat idatzi dut, ez dakit, behar nuelako, estututa nengoelako, larrituta nengoelako eta hori ateratzeko nire modua idaztea delako. Beste zenbait gauza ez dira esaten diskoan, beharbada, esfera intimorako gordetzen ditudalako, edo agian duela hiru disko ez nuen gai hori ukitzen, eta orain bai. Adibidez, orain arte ez nuen inoiz sexuaz hitz egin kanta batean, eta orain egin dut. Agian orain beharra daukadalako eta lehen ez nuelako behar hori.

Gauza horietaz ere jabetzen zoaz.

Eta beti geratzen dira gauzak esateko. Disko berri bat ateratzea erabaki nuenean, bizitzako etapa eder batean nengoen eta beldurtu egin nintzen ez nekielako nondik idatzi. Izan ere, gaizki nagoenetan idazten dut beti. «Orain zer esango dut?», pentsatu nuen, ez dakit «pozik nago» idazten. Esperimentu bat izan da.

Musikak ahaldundu egiten zaitu?

Isildutako esparru askotan egon garen eta egoten jarraitzen dugun emakumeentzat isiltasun hori hausteko modu bat da. Grabatzen duzunean zure ahotsa jartzen ari zara, eta balioan jartzen duzu, betirako gordeta geratuko delako abesti hori. Eta bestetik ahotsa zaintzen ari den jendea dago, musikaz lagunduta politago jartzen duena dago, zu egiten ari zaren hori zaintzen duen jende talde bat dago. Berez, hori ateratzea, idaztea eta goratzea ahalduntzeko ekintza bat da, gurea den zerbait besteen belarrietan jartzen ari zarelako, eta, gainera, betirako egiten duzulako, kanta betirako delako. Kontzertu batean abesten duzunean, zuri garrantzitsua iruditzen zaizun zerbait esatea, bozgorailu handiekin eta mikro batekin, bolumena anplifikatzen duten elementuekin, oso garrantzitsua da emakumeontzat.

Eta jendeak letra hori abesten duela ikustean?

Hori fantasia bat da, beste maila bat da. Ez jendeak miresten zaituelako, katartikoa delako baizik, kolektiboki exorzismo bat da, akelarre bat egitearen parekoa. Une zail batean zerbait idaztea, beste batzuekin partekatzea, eta besteek bere egitea eta gero zurekin partekatzea, zirkulu bat ixtea bezala da.

Disko honetan bada berrikuntza bat. Euskara entzun daiteke lehen aldiz.

Hainbat abestitan agertzen da, eta horrek zerikusia du haurtzarotik modu lotsati batean gerturatu zaidalako euskara. Nafarroako Erriberakoa naiz eta aukera mugatuak izan ditut. Nire familiak ahalegin handia egin du euskara nire bizitzan presente egon dadin. Eta gero, nik aukeratu ditudan bideengatik, egoten jarraitu du, baina inoiz ez dut sentitu erabiltzeko prest nagoenik. Oraintxe bertan, ordea, nahiko inguru euskalduna daukat, alaba jaio zenetik euskaraz egiten diot, eta nire muga guztiekin eta nire kontraesan guztiekin, hori da aukeratu dudan bidea. Egia da ezin dudala nahi bezain ondo hitz egin, eta gaztelania askoz ere presenteago dagoela, baina, nire alaba eskolara joaten hasten denean euskaltegira joaten hasiko nintzela hitz eman nuen, eta hala egingo dut. Gertu daukat une hori. Niretzat euskara oso garrantzitsua da; etorkizuneko nire hizkuntza da.

Eroso aritu zara euskaraz abesten?

Erosoen sentiarazten nauena da inork ez didala euskarara itzuli, inork ez didala esan hori egiteko. Berez atera zaidan zerbait da. Deserosoagoa izango litzateke kanta oso bat egin behar izan banu. Batzuetan, zerbait euskaraz egitea proposatzen didatenean eta horretarako gai ez izan eta laguntza eskatu behar dudanean, deseroso sentitzen naiz, ez baitut nahi euskara toki batzuetara iristeko erabiltzea. Feminismoa bezala da, niretzat oso borroka garrantzitsuak dira, baina ez nituzke erabili nahi musikan edo industrian gora egiteko. Beldurra ematen dit horrek, sarri samar ikusten dudalako, eta izutu egiten nau.

Besteak beste, 'Ama' abestian aritu zara euskaraz. Eta ama ere bazara orain.



Bai, laster hiru urte egingo ditu alabak eta bizitza aldatu dit. Beno, nik aldatu dut, eta gauza pila bat suntsitzera eta beste batzuk eraikitzera eraman nau. Bere garaian hartu nuen erabaki zoragarria izan da, oso pozik eta oso harro nago, nahiz eta batzuetan amatasun feministatik feminismoaren barruan zein kanpoan oztopoak aurkitu. Orain hori da nire lekua, baina horrek ez du esan nahi lehen ziren beste batzuk orain ez daudenik. Eta abestiaren formari dagokionez, uste dut ez dudala politikoki zuzena den kantu bat egin feminismotik begiratuta, uste baitut azukre kotoitik oso gertu geratu zaidala, baina kontziente nintzen idazten nuen bitartean. Gertatzen dena da politikoki benetan zuzena izatea norberari leial izatea dela; ulertu nahi duenak uler dezala eta ulertu nahi ez duenak belarriak itxi ditzala.

Sehaska kantu industriala da 'Ama'. Estilo hori ere ukitu duzu.

Nire alaba jaiotzean, bularra ematen ari nintzen egun batean abestu nion kantu horren errepika. Grazia egin zion eta handik aurrera askotan abesten nion. Berez, oinarrizko letra du, gutxi landua. Hala ere, kantuaren barruan letra desberdinak daude. Lehen zatiak nire haurtzaroarekin du zerikusia, gogorra da, nahiko iluna, ez dator bizipen argitsu batetik, baina argirantz doa. Haur hori handitzen denean, sendatzen doa, eta bat-batean ama izaten da. Eta gero, beste bi estrofa une desberdinetan daude idatzita. Kantuaren bigarren estrofa poema bat bezala idatzita dago, ez zen inondik inora kanta bat egiteko; haurdun nengoen bitartean idatzi nuen. Eta azken zatia haurra izan ostean idatzi nuen.

Nik etengabe idazten dut, eta letra hauek ez ziren inoiz kanta baterako apropos idatzi, eta agian horrek egiten du berezi, nire eremu pertsonalaren parte baitira; nik idazten ditudan eta inoiz ateratzen ez ditudan beste hainbat gauza bezala. Kasu honetan, horrek egiten du ezberdin, ez da beste zerbait egiteko nahi bat, baizik eta, nire esfera intimoko zati bat da, eta esfera intimo horretan, ez nago denbora guztian amorruarekin; beste aurpegi batzuk baditut, samurtasuna edo gozotasuna adibidez, nahiz eta publikoki ez dudan erakusten. Disko honetan sentiberatasun handiagoa dago, une honetan indargunerik handiena baita norberaren sentiberatasunaz jabetzea, kaltebera dela eta hauskorra dela jabetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!