Elkarrizketa

«Azken hiru urteetan egin dudan lana jokoetan islatu da»

Ataria 2022ko mar. 10a, 07:59

Nordic Focus

Inoizko emaitza onenak lortu ditu eskiatzaile tolosarrak Olinpiar Jokoetan, eta helburuak «soberan» bete dituela dio; aurrera begira proba gutxi batzuk falta zaizkio eta jokoetara begira lortutako sasoia aprobetxatu nahi du.

Oso pozik dago Imanol Rojo (Tolosa, 1990) Pekingo Olinpiar Jokoetan lortutakoarekin. Egun batzuetan atseden hartu ondoren, berriro izan da lehian aurreko asteburuan, Oslon, klasiko eran 50 kilometroko proban, Munduko Koparen barruan. 21. postua lortu zuen tolosarrak. Berarekin hitz egin zuen ATARIA-k Oslon lehiatu aurretik.

Olinpiar Jokoei begira jarriz, zer balantze orokor egingo zenuke?

Egia esan, oso pozik nago, balantzea oso positiboa da. Proba guztietan emaitzak hobetu ditut eta horrekin geratzen naiz. Pena azkeneko lasterketa horretan kilometro kopurua moztu egin zela. Pentsatzen nuen lehen karreran lortutako 21. postua hobetzeko aukera izango nuela, baina, esan bezala, orokorrean balantzea oso positiboa da.

Esan daiteke helburuak bete zenituela?

Asmoa aurreko Olinpiar Jokoen emaitzak hobetzea zen, eta denetan lortu dut. Gainera, bi probatan estatu mailako emaitza onenak lortu ditut. Azkena geratu zitzaidan betetzeko, baina, egia esan, helburuak soberan bete ditut.

Probaz proba errepasatuko ditugu Olinpiar Jokoak. Lehenengoan, 15 kilometroko eskiatloi proba, 21. postuan amaitu zenuen. Nola joan zen proba bera?

Lehenengo zatian, klasiko estiloan, gehiago kostatu zitzaidan, baina gero eskiak aldatu nituenean, skating eran oso ondo sentitu nuen neure burua eta postuak hobetzen joan nintzen. Azkenean 21. postua lortu nuen, esprintean iritsiz. Pozik geratu nintzen lasterketa horrekin.

Gainera lehen proba horretan 21. postuan amaituta, lorpen handi bat dagoeneko eskuratu zenuen.

Oso urduri nengoen lasterketa baino lehen, eta 21. postua lortu nuenean, presio pixka bat kendu nuen, eta beste lasterketak beste modu batera hartu nituen. Pisua kendu nuen gainetik, eta lasaiago parte hartu nuen beste probetan.

Bigarren proban, 15 kilometroko estilo klasikoan, 39. bukatu zenuen. Gogorra izan zela esan zenuen.

Bai, beste erritmo bat izaten delako. Agian azkarregi hasi nintzen, pentsatzen nuena baino azkarrago, eta gero ordaindu egin nuen azken bost kilometroetan. Zirkuitua bera ere oso gogorra zen.

Eta emaitzarekin gustura?

Agian gehiago erregulatu izan banu, lehen 30 postuetan sartzeko aukera izango nuke. Baina, hasieratik dena ematen saiatu nintzen, eta ondo atera izan balitz, postu hobea lortuko nuke. Dena den, pozik bukatu nuen, emaitzak hobetzen dituzunean pozik egon behar delako.

Hirugarren eta azken proban, lehen probako 21. postua hobetzeko esperantza bazegoen, baina 50 kilometrotik 30 kilometrora murriztu zuten lasterketa. Zer pentsatu zenuen 20 kilometro kenduko zituztela jakitean?

Ordu erdi lehenago iritsi ginen pistetara, eta esan zuten ordubetez atzeratu zutela eta 30 kilometro izango zirela. Hori niretzako okerragoa zen. Lasterketa hori asko prestatu nuen, eta amorru pixka bat sentitu nuen, bakarrik 30 kilometro izatea niretzako okerragoa izango zela pentsatuz. Baina, azkenean dena ematera atera nintzen, eta 21. postua lortu nuen, talde batean esprintean amaituz. Talde horretan 17. postua zegoen jokoan, baina azkenean ez zen posible izan aurrerago bukatzea.

Esprintean, sei-zazpi eskiatzailek bukatu zenuten taldetxo horretan.

Bai, zaila izan zen besteei irabaztea, eta azkenean 21. postuarekin konformatu behar izan nuen.

Pena emango zizun berriro ere 21. postuan amaitzeak, baina azkenean horrelakoetan onartzea besterik ez da geratzen.

Bai, hala da. Lasterketan zehar saiatu nintzen taldetxo horretako beste eskiatzaileak soltatzen, baina ezin izan nuen eta banekien esprintean iritsiz gero zaila izango zela aurrean bukatzea, eta justu 21. postuan geratu nintzen. Lehen 20 postuetan sartzeko pena horrekin geratu nintzen, baina horrela da kirola, eta azkenean lehen probako emaitza bera lortu nuen.

Elur artifizial asko erabili zen pistetan. Zerbaitetan eragin zizun zuri?

Materialarekin ez dugu arazorik izan, baina hotz egiten zuenez, elur artifiziala oso motela zegoen, zirkuitua berez oso gogorra zen, eta elur horrekin are gogorragoa bihurtzen zen. Material aldetik ez nuen arazorik izan, eta gure ezaugarrietarako ondo etorri zen hain gogorra izatea elurra eta zirkuitua.

Beraz, zuretzat aldekoa izan zen gogortasun hori.

Bai, zirkuituak gogorrak direnean guretzat hobeak dira, eta elur artifizialarekin are eta gogorrago zeuden. Beraz, guretzat hori ona izan da.

Antolakuntza aldetik nola joan dira Olinpiar Jokoak?

Dena oso ondo prestatuta zegoen. Eraikuntzak jokoetarako bakarrik egin dituzte, zirkuitua ere bai, eta gero elur artifiziala erabili dute. Dena zerotik muntatu dute, eta antolakuntza aldetik oso ondo zegoen. Gero COVID-19a dela-eta izan ditugun murrizketa guztiak ondo prestatuta zeuden ez kutsatzeko. Egunero testak egiten zizkiguten, eta egia esan, antolakuntza orokorrean oso ondo zegoen.

Publikorik berez ez zegoen, ezta?

Bertako publikoa bakarrik izan genuen. Ez zegoen asko, eta arraroa egiten zen, batez ere beste jokoekin alderatuta. Baina gauden unean gaude, eta ezin dugu horren aurrean gauza handirik egin.

Beste bi Olinpiar Jokoekin alderatuta, azken lau urte hauetan garapen bat izan duzu, eta emaitza hobeak lortzen joan zara. Eta hori ere erakutsi da joko hauetan lortutakoarekin.

Azken hiru urteetan egin dudan lana hor islatu da. Zaila izaten da sasoian iristea egun horietara, eta lortu dugu, eta horrekin geratzen naiz. Ematen du erraza dela hara joan eta emaitza onak lortzea, baina gauza asko hartu behar dira kontuan. Pozik geratzen naiz egindako lanarekin.

Tolosan, herrian, lehen omenaldia izan zenuen, inauterietako txupinazoan udaletxeko balkoira ateratzean. Nola bizitu zenuen une hori?

Ez nuen espero. Olatz Peon alkateak aurreko egunean deitu zidanean, ez nuen horrelakorik pentsatu. Oilo ipurdia jarri zitzaidan balkoitik jende guztia ikusi nuenean saltoka eta abesten. Oso pozik nago Tolosatik omenaldi hori jasotzeagatik. Nire herriaren berotasun hori jasotzeak poz handia ematen dit. Jende askok animatu nau Olinpiar Jokoetan, inoiz baino gehiago. Berotasuna jaso nuen aurrekoan txupinazoan, baina jokoetan nengoenean ere jaso nuen berotasun pila bat sare sozialetatik eta komunikabideetatik.

Oraindik ez duzu denboraldia guztiz bukatu. Zer falta zaizu?

Munduko Kopako proba bat falta zait, Falunen, Suedian, asteburu honetan. Munduko Kopako finala Errusian egitekoa zen, baina oraindik ez dakigu non egingo den. Ez dakit final horretara edo Espainiako Txapelketara joango naizen. Asmoa denboraldia ahal den ondoen bukatzea da.

Olinpiar Jokoekin alderatuta, beste proba horiek lasaiago hartuko dituzu?

Ondo bukatu nahi dut denboraldia, eta ea Olinpiar Jokoetarako lortutako sasoia noraino eutsi dezakegun. Presio gutxiago izango dut jokoetan baino, baina emaitza onak lortu nahi izaten ditugu. Espainiako Txapelketa irabazteak ilusioa egiten du, eta hor bagaude dena ematen egongo gara.

Espainiako Txapelketan Alpino Uzturreko beste kideekin elkartuko zinateke.

Bai, ideia da taldeko guztiak joatea, han denak elkartzea eta ea emaitza onak lortzen ditugun aurten ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!