Igoera fasea garaipen handiarekin hasi dute

Ataria 2022ko mar. 9a, 07:58

Redline Mekanika TAKE taldeak Mondragon Unibertsitatearen etxean irabazi du. Euskal Kopako finalerdia talde horren aurka galdu zuen.

Garaipen garrantzitsua lortu zuten asteburuan Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldekoek. Mondragon Unibertsitatearen aurka 66-68 irabazi zuten, aurkariaren etxean. Igoera fasea modu onean hasi dute, beraz. «Errebantxa modukoa izan zen», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Aurreko asteburuan beraien aurka galdu genuen Euskal Kopako finalerdia, beraien etxean ere, eta orain garaipena lortzea oso garrantzitsua izan da».

Izan ere, Euskal Kopa sentsazio gaziekin bukatu zuten. Finalerdian partida osoan aurretik izan ziren, eta azkeneko zortzi segundoetan puntu bat gora zeudela iritsi ziren. Baina aurkariek zazpi metrotatik hirukoa sartu zuten, eta azkenean partida bi punturengatik galdu zuten. «Ez zen oso bidezkoa izan azken emaitza», esan du Artetxek. «Partida osoan aurretik joanik, eta garaipena hain gertu ikusita, azken momentuan porrotarekin itzultzea nahiko gogorra izan zen. Aukera polita zen finalera pasa eta lehen aldiz antolatu den Euskal Kopa Tolosara ekartzeko». Halere, balantze ona egin du Artetxek, finalerdietara iritsi eta azken unera arte finalera pasatzeko aukera izan zutelako. Finala Mondragon Unibertsitatea eta Tabirako Durango taldeen artean jokatu zuten, eta azken horiek altxatu zuten garaikurra.

Orain, igoera fasean guztiz murgilduta daude TAKEkoak. Zortzi talde ari dira parte hartzen, bi multzoetan lehen lau postuetan geratu diren taldeak. Beste multzoko lau taldeen aurka etxean eta kanpoan jokatu behar dute, eta, beraz, guztira zortzi partida jokatuko dituzte. Aurretik, lehen fasean, multzoko beste hiru taldeen aurka lortutako emaitzak ere kontuan hartzen dira sailkapenerako. Azkenean, lehen sailkatua zuzenean igoko da mailaz, eta bigarren eta bosgarrenen arteko sailkatuek lauko finala jokatuko dute, igoko den bigarren taldea zein izango den erabakitzeko. Igoera faseko lehen jardunaldia igaro ondoren, bosgarren postuan dago TAKE. «Gure asmoa etxean jokatuko ditugun lau partidak irabaztea da, eta behintzat lehen bost postuen barruan sartzea», azaldu du Artetxek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!