Erreportajea

Gozoki bat eleberri bihurtuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 9a, 11:59

Rafa Gorrotxategi gozogilea, ‘Txokolate’ liburuarekin, aurkezpenean. Argazkia: UP TO YOU

Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarrak ‘Txokolate’ liburua aurkeztu berri du; «ezagutzen ez zen txokolatearen eta euskal gozogileen eta beren familien historiari buruzko ikerketa sakona da», azaldu du. 

Funtsean, kakaoa, azukrea eta kanela erabiliz egiten den gozokia da txokolatea. 1600. urterako kontsumitzen zen, kafearen aurretik, eta gaur egun, munduko etxe guztietan aurki dezakegu. XVII. mendean, Mesoamerikatik Europara ekarri eta berehala, Euskal Herrian txokolategintzako teknikak irakatsi ziren, eta lehen fabrikak sortu zituzten. Txokolatearen sehaska bilakatu zen, eta jakia gizarteratzeko, beste askoren artean, Tolosako lantegiak oso garrantzitsuak izan ziren.

XIX. mende amaierarako, 25 maisu gozogile zeuden Gipuzkoan. Tolosan, XVII. mendeaz geroztik dirauen tradizioari eusten dio Rafa Gorrotxategik eta bere familiak; horren adierazle, duela urte batzuk bere lantegiaren ondoan zabaldu zuen museoa. Orain, berriz, Txokolate izeneko liburua argitaratu du. «Interesgarria da, elikagaia Mexikon sortu zenetik, gure etxeetara iritsi arteko ibilbidea kontatzen duena», azaldu du egileak.

XVIII. mendean euskaldun ugari nabarmendu ziren Caracas inguruan: Aristigieta, Beroitz eta Ustariz familiak ziren ezagunenak. Zenbait urtez, kakao ugari garraiatu zuten Europara, merkatua kontrolatzea lortuz; 50 urtez izan zuen munduko kakaoaren monopolioa. Horri esker, Euskal Herria gozogile handien lurraldea bilakatu da. Gaur egun, ordea, apenas geratzen da merkataritza horren aztarnarik. Hain justu, horrekin du lotura Gorrotxategiren azken liburuak: «Gure historia berreskuratzea eta Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak kakaoaren munduarentzat eta industria osoarentzat izan zuen garrantzia erakustea da nire helburua. 1730etik 1785era bitarte, 900 milioi tableta egiteko adina txokolate ekarri zituzten», aipatu du gozogileak.

Izen propio ugari

Joseba Urretabizkaia tolosarrak egin ditu liburuko ilustrazioak, testuak, berriz, Alvaro Bermejok idatzi ditu, eta Xibarit argitaletxea arduratu da edizioaz. Gorrotxategik, gainera, Laboral Kutxaren laguntza izan du proiektua babesteko. «Orain arte ezagutu ez den txokolatearen eta euskal gozogileen eta beren familien historiari buruzko ikerketa sakona da», azaldu du tolosarrak.

Donostiako Aquariumean aurkeztu zuen liburua Gorrotxategik, kakaoarekin egindako errezeta propioak argitaratu dituzten sukaldari ospetsuenekin: Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Roberto Ruiz eta Pedro Subijana, besteak beste. Rafaren seme Armintz eta Joanes ere ekitaldian izan ziren, bere sorkuntzak aurkezten.

Gozogile maisuen dinastia luze baten semea da Rafa Gorrotxategi, eta gaur egun, Bean to Bar izeneko artisau-txokolatearen tendentzia global berriaren buru da; horri buruz ere hitz egiten du liburuan. «Gure lurraldean txokolatea hazkunde ekonomikorako faktore bat baino zerbait gehiago bihurtu zen, nortasun-bektore bat; orain, guztion ondarea da», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!