Tolosatzen Eskola Irekiak prest du udaberrirako egitaraua

Ataria 2022ko mar. 8a, 18:57

Herritarrekin elkarlanean eta eragile ezberdinekin lankidetzan osatu du egitaraua udalak, herritarren formakuntzara bideratutako ekintzekin; 'Kontzienteki bizi' da aukeratu duten leloa.

Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen Tolosako Udalak Tolosatzen Eskola Irekia proiektua. Herritarrak zenbait gaitasunetan trebatzea eta elkar ezagutza sustatzea ditu helburu proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko helburuarekin.

Astelehenean, hilak 14, izango da lehen saioa. Bihotzetik Elkarrekin Eraiki elkarteko Javier Aramendia tolosarrak Aurretiazko Borondateen Dokumentua aurkeztuko du kultur etxean, 18:30ean hasita. Hitzaldi parte-hartzailea izango da, eta bertaratzen direnek heriotzara modu kontzientean hurbiltzeak familiarentzat zein gaixoarentzat dakartzan onuren hausnarketak eta kontzientziatzeak dakartzan onurak esperimentatuko dituzte. Elebitan izango da saioa, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aurrez eman behar da izena, esteka honetan.

Hain justu, heriotza kontzienteari buruzko 2022ko sentsibilizazio kanpainari hasiera ofiziala emango dio astelehenean Bihotzetik Elkarrekin Eraiki elkarteak, eta gerora, Gipuzkoako zenbait udalerritan hausnarketarako 42 gune sortzea da kanpainaren helburua. "Denok dakigu behin jaio garela, gure bizitzako lehen minututik, badakigu lehenago edo geroago, modu batera edo bestera, gazteago edo helduago, bat-batean edo prozesu motel batean, hil egin behar dugula. Gaur egungo gizartean, non korrika eta pantaila bati itsatsita bizi garen, gogoetari tarterik eman gabe, zaila egiten zaigu heriotzari begiratzea, zaila egiten zaigu hori onartzea, onartzea eta gure parte dela jakitea", esan du Aramendiak.

Tolosatzen Eskola Irekiaren udaberriko egitaraua:

Martxoak 14:

18:30-20:00. Aurretiazko Borondateen Dokumentua hitzaldi parte-hartzailea Javi Aramendiaren (Bihotzetik Elkarrekin Eraiki elkartea) eskutik, kultur etxean.

Martxoak 16 eta 23:

17:30-19:30. Treba gurasoak tailerra (euskaraz) Donna Apellanizen eskutik, kultur etxean. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatua. Familian arauak eta mugak adierazpenen bitartez nola ezarri azalduko du.

Martxoak 21etik aurrera, hamabostean behin:

11:00-13:00 (goizeko taldea) eta 16:30-18:30 (arratsaldeko taldea). Zaintzailea zainduz, autozainketa tailerrak, Saioa Garmendiaren eskutik, Iturriza Elkartean (San Juan kalea 2, 1.).

Martxoak 29 eta 30:

10:00-12:00. Betikasten Elkartearekin elkarlanean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema - Tolosako Gizarte Zerbitzuen Baliabide Gidaren aurkezpena, Topic-en, Iker Usonen eskutik, gazteleraz.

Martxoak 31:

18:00-20:00. Zainketa aringarriak etxean solasaldia, gazteleraz, Montse Perez Bidasoako ospitaleko doktorearen eskutik, kultur etxean. Noizbait galdetu diozu zeure buruari nola hil nahi duzun? Hori eta galdera gehiago erantzuten saiatuko da.

Apirilak 28:

18:00-20:00. Dolutik bizitzara, dibulgaziozko hitzaldia Iñaki Arregiren (Almaur elkartea) eskutik, kultur etxean. Dolua prozesu naturala da. Bere etapak ezagutzea eta nola aurre egin jakitea lagungarria izango zaigu prozesura egokitzeko eta bizitzarekin konektatuta jarraitzeko. Dolua igarotzeko eta barruko bizitza eta sendotasunarekin konektatzeko bakoitzak bere baitan dituen baliabideak aitortzea du helburu hitzaldiak.

Maiatzak 3:

10:00-12:00. Betikasten Elkartearekin elkarlanean, Klima aldaketa (gazteleraz) eta Tolosako Klima 2050 Plana (elebitan) hitzaldiak, Julen Redondo eta Iñigo Muñozen eskutik, Topic-en.

Maiatzak 4, 11, 18 eta 24:

10:30-12:30 (gazteleraz) eta 17:30-19:30 (euskaraz). Gatazkak, bitartekaritza eta zirkulu berriztagarriak hitzaldia, Eralda abokatuak elkartearen eskutik, kultur etxean. Gatazkak eraldatu eta konpontzeko paradigma aldaketaz, bitartekaritzaz, zirkulu berriztagarriez, komunikazioaz, enpatiaz, entzute aktiboaz eta asertibitateaz ariko dira.

Maiatzak 6:

18:00-20:00. Heriotza duina dibulgaziozko topaketa, Iñaki Peñarekin, elebitan, kultur etxean. Heriotza duina eta zainketa aringarriak, non gure adinekoengandik eta haien senideengandik hurbilen dauden mediku espezialistek parte hartzen duten gai oso eztabaidagarri baten inguruan. Profesional handi baten eskutik, Iñaki Peña, 2010az geroztik, zainketa aringarrietako mediku ondokoa Debagoienako Ospitalean (Arrasate).

Maiatzak 23:

18:00-20:00. Doluaren prozesu naturalari buruzko hitzaldi dibulgatzailea, Izaskun Andonegiren (Donostiako Bidegin elkarteko aditua) eskutik, kultur etxean. Pertsonen sufrimendua arintzeko egindako lan sozial handiagatik irabazi-asmorik gabeko elkartea da Bidegin.

Ekainak 17:

18:00-20:00. Zineforuma eta eztabaida, kultur etxean. Amaia Gozategik zuzendutako Mendian hil, hirian filmaren proiekzioa eta haren ingurukosolasaldia eta eztabaida, adituekin.

Ekainak 21:

18:00-20:00. Bizitzen ikastea, hiltzen ikastea dibulgazio hitzaldia, Belen Capaperen eskutik (gazteleraz), kultur etxean. Bizitza bere osotasunean integratzen dugunean, gertaerei heltzen diegula eta bizitzako ziklo natural desberdinak jakituria eta osotasun handiagoz igarotzen ditugula jabetzeko saioa. Heriotza naturalizatzeak bizitza osoago bizitzen laguntzen digu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!