Amuarrainaren bidea. Kontra aritzeak merezi duenean

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2022ko mar. 13a, 20:58

Zergatik egiten dute amuarrainek kontrako bidea arrautzak jartzeko?

Neure buruari galdetu izan diot gaian batere jantzia ez naizen arren. Hori eta, zailtasunak zailtasun beren modu horri zergatik eusten ote dioten. Ez dute besterik ezagutzen? Merezi ote die ibaian gora egiteak?

Gure bizitzan ere une gozo eta gaziak bizi izaten ditugu. Gertaera bertsua izanda ere, egia da norberak nola bizi duen horretan datzala aldeak. Batzuetan, korrontearekin goazela dirudigun arren, bestetan erabat kontra aritzen gara.

Nire aburuz, orokorrean lehiakortasun handiko gizartea eratzen ari gara, ari dira. Gu, haiek, zu, ni? Nor ari da/gara gizarte eredu hau sortzen? Antsietatea ere sortzen du, azkarrena, arrakastatsuena, liderrik onena, lasaiena, politena, -ENA guztiak izan beharra. Perfekzioa lortu beharra. Denetan. Beti. Ezinezkoa, alegia.

Baina saiakera horretan lehertzear sentituz gero, egungo gizarteak ere konponbide guztiak ematen dizkigu edo eman nahi dizkigu eta honela, merkatuan, konponbide eta teknika ezberdinak eskaintzen dizkiguten makina autolaguntza liburu dugu bai eta aholku ezberdinak, saio eta bestelakoak. Korrontearekin bat joaten lagunduko dizkiguten tresnak.

Ifrentzuan berriz, guztiok leku izango dugun mundu hobe, anitz, tolerante eta honelakoak lortu nahian ari garenak, ari direnak. Itxuraz bitxikeria gisakoak izan arren, errealitatea ere badirenak.

Eta honelakoetan, zaila egiten da denetan beti koherentziaz jardutea. Izan ere, izan behar den eta izan beharko zukeen horretan oreka aurkitzea ez da erraza.

Amuarrainek ikusten denez, bere arrautzak ustez leku ziurrago batean utzi nahi dituztelako egiten dute ibaian gora, merezi die beraz, korrontearen kontra aritzeak.

Orduan, erabaki bat hartu behar dugu izaki inperfektuak izatearen errealitatea onartuta. Norberak dituen baloreek molde orokorretik kanpo gera arazi eta korrontearen kontra aritzearen hautua egin helburuak merezi duelakoan edota korronteari jarraitu errazagoa izango delakoan.

Giltza erabakigarria askotan egun hain entzuna den motibazioan egon daiteke, helburu zehatz bat lortzeko izan beharreko ekintzarako indarrean. «Gogoko lekuan aldaparik ez» dio esamoldeak; askotan bide zailek ere beren saria dutelako. Amuarrainek ikusten denez, bere arrautzak ustez leku ziurrago batean utzi nahi dituztelako egiten dute ibaian gora, merezi die beraz, korrontearen kontra aritzeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!