Detergente bat, atenporala

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2022ko mar. 11a, 20:58

Dozenaka herritar elkartu ziren Asteartitan, Tolosan, talde bortxaketa salatzeko. JON URBE / FOKU

Bi hilabetean behin, gutxi gorabehera, mezu bat jasotzen dut zutabe honen argitalpen-data zehazteko. Agendan apuntatzen dut koloretako errotulagailuz, eta buruan dantzan dabilzkidan dozenaka kontu ordenatzen hasten naiz, hari-mutur horietakoren bati tiratzen saiatzeko. Sokatira horretan, uste dut zailena suertatzen zaidana aktualitatearen eta atenporaltasunaren arteko puntu egokia bilatzea dela; zerbait idaztea denboran, baina denboraz haraindi.

Testu honekin ari naizela, Tolosako espaloiak beteta daude, oraindik, garbiketa-makinek jaso ezin izan dituzten konfetiz; eta etxeetako esekitokiak duela egun gutxi balkoiak jantzi zituzten oihal koloredunez, txilabaz eta mozorroz. Irudi horiek sortzen didaten malenkonia bada inauteriak maitatzeko dudan moduaren metafora txiki bat, beharbada. Erakusten dute ezohiko zerbait gertatu dela, neurriz kanpokoa, baina garbitu dugula guztia zentrifugatu bakar batean, purua izan ez zitekeen hura ere bai. Eta, toleste-perfektu baten ondoren, prest gaudela berriro ere gure bizitza ordenatuetara detergente eta leungarri usainez bueltatzeko. Inoiz inor jakitera iritsiko ez balitz bezala, bi aurpegietako zein dugun mozorro.

Kontua da ezer gutxi lotzen zaiola kronologia zehatz bati inauteriak baino kapritxo gehiagoz: urtero efemeride berriak sortzen. Inauteriei begiratu baitiezaiekegu nahi dugun tokitik eta prismatik, inauteriak azter ditzakegu antropologiatik, edo inauteriak bizi ditzakegu filosofia propio baten aterkipetik. Baina inauteriak ez dira atenporalak, eta ez dute izan nahi.

Asteartita iluntzean halabeharrez, eta pasa den asteartean borondatez elkartu ginen plazan; oihuz eta amorruz. Merezi dugulako eta bizi nahi dugulako detergente eta leungarri usaina baino zerbait gehiago duen bizitza bat.

Atenporalak direnak dira beste zenbaiti bizitza izorratzeko inauteriak ere baliatzen dituzten pertsonak; gizonezkoak, zehazki. Atenporala da ipurdi bat ukitzeak taberna barruan izan dezakeen konplizitate guztia, eta atenporala da eraso baten bueltan sortzen den zurrumurru sarea. Atenporalak dira bortxatzaileak, bakarka nahiz taldean aritzen direnak. Kaka zahar hori guztia da atenporala, gertatzen zelako duela hogei urte, gertatzen delako pandemia osteko inauterietan eta gertatzen delako edonoiz-edonon-edonola. Atenporala da sistema batek, egitura oso batek sostengatzen duelako. Eta atenporaltasunarena sistemaz aritzeko eufemismo bat baino ez da.

Asteartita iluntzean halabeharrez, eta pasa den asteartean borondatez elkartu ginen plazan; oihuz eta amorruz. Merezi dugulako eta bizi nahi dugulako detergente eta leungarri usaina baino zerbait gehiago duen bizitza bat. Eta bizitza hori feminismotik baino ezin da eraiki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!