M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2022

"Zaintza ezin da izan soilik emakumeen ardura"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 7a, 14:43

Tolosaldeko Pentsiodunek ohikoa duten dinamikari eutsiz, eguerdian manifestazioa egin dute Tolosan. Gaurkoa, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezpera izanik, ezberdina izan da. Emakumeak lehen lerroan jarri dira, eta Oneka Euskal Emakume Pentsionisten Plataformak protesta ozenagoa egin du. Hizkiz hizki 'Arrakalarik ez' idatzi dute, eta 'Emakume pentsionistek borrokan jarraituko dugu' pankarta atera dute. Pentsio duinak defendatzeaz gain, zaintza ahalik eta hoberenekin zainduak izateko eskubidea defendatu dute.

Astelehenak pentsiodunen aldarrikapen egunak dira, eta gaur ere kalera atera dira. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan kolore morea izan du aldarrikapenak. Emakume pentsionistek borrokan jarraituko dugu lelodun pankartarekin zeharkatu dituzte Tolosako kaleak.

Pentsiodunek hilabeteak daramatzate pentsio duinak eskatzen, eta, gaur, Onekako emakumeek Zaintzaren Arreta Publiko eta Unibertsalerako sistema aldarrikatu dute. Manifestazioari ekin aurretik, 'Arrakalarik ez' idatzi dute, eta hizkiz hizki, "arrakalarik" idatzi dute emakumeen artean. "Zaintza ezin da izan soilik emakumeen ardura, ordainketarekin edo gabe".

"Adineko emakumeak kultura heteropatriarkal honetan sozializatuak izan ginen, gure rolak eta praktikak, aukerak eta ibilbideak baldintzatu zituen errealitatearen eraikuntza sexuatua onartuz", azpimarratu dute Onekako emakumeek. "Bizi garen ordena patriarkal hori desagerrarazi eta suntsitu behar dugu".

Hainbat konpromiso eskatu eta aireratu dituzte. Bizi kalitate eta gizarte estimu handienarekin bizitzea ahalbidetzen duten neurrien alde borrokatuko dira, hau da, "pentsio duinak defendatzea, autonomiaz bizi ahal izateko". Zainketa ahalik eta hoberenekin zainduak izateko eskubidea defendatuko dute. Eta horrez gain, mendekotasuna duten pertsonentzako etxeko arreta defendatu eta eskatu dute. 

"Zahartzaroan ohikoak diren gaixotasunak prebentzioz tratatzeko programak egitea eta proposatzea" izan da beste eskakizunetako bat, eta "egungo egoitzen ordez, etxe autogestionatuak eta adinekoentzako etxe komunalak proposatzeko konpromisoa" hartzen dutela zehaztu dute.

Manifestazioa egin dute Alde Zaharreko kaleetan aldarrikapen mezuak zabalduz. Emakumeen plazan abestu, eta berriz ere Plaza Zaharrean elkartu dira Amaia Agirre bertsolariak idatzitako bi bertsoak abesteko: "Zaintza parekide bat noiz, ote zaigu iritsiko; beti emakumeen esku, aski dugu eta kito!; berdintasunaren alde, inoiz ez dugu etsiko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!