Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela salatu du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko martxoaren 7a

Otsailaren 27an ospatu zen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 46. urteurrenaren harira, Tolosako Udalak adierazpen instituzionala irakurri du goizean.

Otsailaren 27an saharar herriak Saharako Estatuaren sorreraren 46. urteurrena ospatu zuen. 46 urtez Mendebaldeko Sahara okupatu eta saharar herria borrokatu ondoren, egoera konpondu gabe dago oraindik, eta, bai lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek, bai Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek, giza eskubideen urraketak pairatzen dituzte, eta Marokoren okupazioaren pean edo babes-kanpalekuetan bizitzera behartuta daude.

Egoera horren aurrean, Tolosako Udala osatzen duten hiru alderdi politikoetako ordezkariek adierazpen instituzionala irakurri dute goizean. Bertan berretsi dute Fronte Polisarioa dela Saharako Herriaren "ordezkari legitimoa eta bakarra", NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta. "Berriro salatzen dugu Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela, eta ezin duela eragin juridiko edo politikorik izan saharar herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea kaltetzeko".

Halaber, Marokoko Erresumari exijitu diote saharar preso politikoak eta kontzientziako presoak berehala aska ditzala, eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak eten ditzala, presoen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatuz. "Erabat gaitzesten dugu Marokoko Gobernuak bere itsas eremua Mendebaldeko Saharari zuzenean eragiten dioten uretan ezartzeko hartutako aldebakarreko erabakia, Nazio Batuen Erakundearen Itsas Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa eta Marokok onartu duena urratuz". Azkenik, NBEri eskatu diote "lehenbailehen susta dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa".

Adierazpen osoa hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!